Konpromisoa

Erabiltzailearen aurpegia Edurne Ayuso 2019ko mar. 23a, 06:30

Konpromisoa ez da nolanahiko hitza. Pisu handia ezkutatzen du, batzuentzat gehiegizkoa, zama bihurtzerainokoa. Konpromisoak beldurra sortzen du pertsona batzuengan, ezertan hasi aurreko nekea askorengan.

«Nire kontu» esatea ez da erraza, ez beti. Konpromisoa gutxitan da norberarekikoa, gehienetan bi hari-muturreko hitza da: nire eta zure artekoa, nire eta zuen artekoa, gu eta zuen artekoa. Konpromisoak errespetua ematen du.

Gaur egun ez dugula inolako ardurarik gure gain hartu nahi esango nuke; gainerakoek erabaki dezatela, besteek erantzun dezatela, ondokoak soluzioa aurki dezala, zuk egin ezazu nire ordez. Oso okupatuta bizi gara; beti presaka, ez dugu ardurak gure gain hartzeko astirik.

«Ez dakit», «ezin dut», «bai, baina»... Horien artean bada, ordea, «bai, nire kontu» esateko prest dagoen jendea ere, badira konpromisoak hartzeko prest dauden lagunak ere. Badira herriarekiko, herritarrekiko, auzokideekiko, bizilagunekiko konpromisoak hartzeko prest dauden gizon-emakumeak. Herriagatik, herritik eta herritarrekin lan egiteko prest dauden pertsona ausartak, langileak, argiak, arduratsuak eta eraginkorrak. Nire ustez, begirunea merezi dute maiatzeko udal hauteskundeetara aurkezteko erronka onartu dutenek, benetako konpromisoa hartu dutenek; herri bizia izateko lan egingo dutenek, ez lo-herri telegidatu bat maite dutenek; euren seme-alabak edota bilobak herrian hezi eta haztea nahi duten emakume eta gizonek.

Konpromisoa hartzeak hitza betetzea dakar, edo ekarri beharko luke bederen. Hasi da atzera kontaketa, iritsi da kontuak egiteko garaia. Orain ia lau urte herriarekiko ustezko konpromisoa hartu zuten horientzat, zein esanahi ote du konpromisoak? Agindutakoa bete ote dute? Herritarron mezua entzun al dute? Egia esan, aginte makila orandik eskuetan dutenetako batzuk konpromisorik hartu al dute inoiz? Behin eta berriz hitza jaten duten politikariei, batere axola ote zaie herritarrokiko izan beharko luketen begirunea?

Hauteskunde hitza hari-mutur askokoa da. Herritarrok hari-mutur bakoitzaren bukaeran gaude, eta gutako bakoitzaren erabakiz osatzen da hari-mataza. Orain, herritarroi dagokigu ardura gure gain hartzea, beste aldera ez begiratzea, erabakiak besteen eskuetan ez uztea. Herritarroi dagokigu, gure herria gobernatzeko ardura euren gain hartzeko prest dauden pertsonekiko konpromisoa hartzea. «Nire kontu» esateko prest al zaude?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!