Klika

Erabiltzailearen aurpegia Edurne Ayuso 2018ko abe. 2a, 09:42

Ezustean iritsi da hogeita batgarrena, ez nuen oraindik espero. Gutuna ireki eta zera pentsatu dut: «Ene, bada! Zeinen azkar pasa den denbora, ia bi urte joan dira eta!» Izan ere, 2019arekin batera etorriko baita hogeita batgarrena, Klika leloarekin.

Hogeigarrenak, euskararen aldeko aldarria zirkuaren erritmoan zabaldu zuen Euskal Herriko punta batetik bestera. Bat eta zu, ni eta zu, zuek eta gu elkartuz, batzuk garela barneratu genuen orduko hartan. Lekukoa Iruñera iritsi zen, baina, ez zen bidea bertan bukatu. Testigua jende askoren eskutan geratu zen orduan: AEK-ko ikasle zein irakasleenetan batez ere. 2017ko apirilaren 10ean, etenik gabe, martxan zegoen jada hurrengo Korrika. Ordutik, AEK-ko Ahobizi zein Belarriprestak, klika eta klika ari dira euskararen alde.

Klika hizki zuritan idatzita duen pina Ahobizi dioen txaparen ondoan jarri dut komuneko apalean. Eta, hara, zer nolako dilema! Zer egingo dut nik orain? Biak jarriko ditut? Bana paparraren alde banatan? Bat bestearen azpian? Edo, Euskaraldia bukatu arte itxarongo dut Korrikakoa jartzeko? Arraioa! Zaila da gero euskalduna izatea! Halako momentutan garai bateko artilezko jertse handien falta sumatzen dut. Haiek bai fundamentuzko jertseak! Parrandara atera gintezkeen aldarrikapen guztiak soinean generamatzalarik: Korrikako pina, Euskal Herrian Euskaraz-koa, Amnistiaren aldekoa, intsumisioaren aldekoa, zezenketan aurkakoa etabar.

Aldarrikapenak ez dira, tamalez, ez gutxitu, ezta asko aldatu ere, baina, bai ordea, janzteko ohiturak. Biak batera eramateari gehiegitxo iritzita, momentuz, Ahobizi naizela adierazten duen txapa aukeratu dut. Eta berriro zalantza sortu zait: non jarriko dut? Jertsean jartzen badut ez zait ikusiko, baina, ez dut txamarra zulatu nahi! Azkenean lepo-zapian jarri dut eta halaxe joan naiz familia arteko bazkari batera. Hori poza hango belarri eta aho festa ikusitakoan! Hizkuntza ohiturak aldatzeko saiakera emaitzak ematen ari dela iruditu zait. Gaur, mahaiaren bueltan, sekula baina gehiago entzun da euskaldun egiten gaituen hizkuntza.

Telefonoz ere egin dut proba, pina bihotzean jarrita. Kanpin batera deitu dut, udararako erreserba bat egiteko asmotan. Nik euskaraz hitz egin diot eta bertako harreragileak gaztelaniaz erantzun dit. Euskaraz ulertzen duela, baina, ez dela hitz egiteko gai esan dit. Beno, ba, nik euskaraz eta berak gaztelaniaz, halaxe hitz egin dugu eta biok eroso aritu gara.

Supermekatuan ere funtzionatu du Euskaraldiak: Quieres bolsas? Ez. Al contado? Bai… eta azkenean iritsi da… Puntuak nahi dituzu? Ez, eskerrik asko. Aupa! Garaipen txiki handi bat!

Abenduaren 4a iritsiko da, baina, euskararen aldeko lekukoak martxan jarraitu behar du, euskaldun izaten jarraitu nahi badugu. Hamabigarren egunean ere ezinbestekoa dugu belarriprest eta ahobizi izatea, euskarak bizirik iraungo badu. Elebitako elkarrizketetara ohitu beharko dugu akaso, baina, euskara dugunok eutsi diezaiogun geure hizkuntzari eta oraindik euskara ez dutenei, eman diezaiegun euskara eurena egiteko bidea. Klika egin dezagun guztiok euskararen alde, paparrean pin edo txaparik eraman beharko ez dugun eguna iritsi arte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!