Kontu-jaten

Erabiltzailearen aurpegia Edurne Ayuso 2018ko ira. 30a, 09:56

Ez naiz kuxkuxeroa, baina, beti gustatu izan zait kontu-jatea. Trenean eserita atzeko bidaiarien elkarrizketak entzutea oso dibertigarria eta interesgarria iruditu zait beti. Begiak itxi, entzun eta irudimena hegan hasten da: «Haserretu egin zen, ez zitzaion batere gustatu / Ah, ez, eh? Zer espero zuen bada?».

Eta halako batean euren geltokia iritsi da eta badoaz… Zer ote dira… Lagunak? Ahizpak? Bikotekideak? Eta zer ote da gustatu ez zaiona? Zenbat istorio sortu daitezkeen hitz gutxi batzuen bueltan! Hondartzan kontu-jatea gauza ederra da! Eguzkipean goxo, belarriak erne: «Bizikletaz egingo dute Santiago Bidea. Motxilak taxiz bidaliko omen dituzte, alde ederra!», hori entzun eta nahikoa da hondartzatik Santiagora joan, eta oroitzapenak eta gerorako utzitako asmoak dantzan jartzeko.

Kontu-jateak badu txutxu-mutxuka aritzeak ez duen magia berezi bat. Kuxkuxean ari denak badaki zeren bila ari den eta zer aurkitu nahi duen, kontu-jaleak ordea ez, orojalea da, ez dakit zer etorriko zaion. Besteen elkarrizketetan muturra sartzea ordea ez da beti dibertigarria izaten, ezustean, ezbehar, gaixotasun edo historia latzen bat irentsi dezakezu eta horrek arima eta bihotza zimeltzen dizkizu.

Bukatu da ordea garai bateko kontu-jatea. Trenean, autobusean, medikuaren kontsultan, ile-apaindegian... alferrik da! Jada ez du inork hitzik egiten. Ez dakigu egonean egoten, ez dakigu geure baitara bildu eta pentsatzen. Aldatu egin da kontuak jateko modua, erabat. Lehen, batez ere, belarriekin irensten genituen besteen kontuak, gaur egun ordea begiekin egiten dugu lan hori. Gure esku artean dugu kuxkuxeatzeko eskaparaterik handiena. Irurarik Villabonarako tartean, geltokitik geltokira whatsapparen errepasoa egin dezakegu: «Ea, ea udara honetan perfileko argazkia zenbatek aldatu duten? Ene, a ze toki polita! Non egon den galdetu behar diot!» eta Iruratik Donostiara joan beharra izanez gero, tarte horretan enpatxatzeko astia ere badugu! Whatsappa, Facebooka, Instagrama… beti dago norbait eskaparatean, alde batean zein bestean. Badira sekula ezer esan edo erakusten ez dutenak eta besteenetik kontu-jaten ibiltzen direnak, eta baita etengabe bazka sortzen dutenak ere.

Mugikorren garaiko kontu-jateak ez dauka graziarik, ezin pelikularik egin, irudimenak ia ez du tokirik. Dena kontatzen zaigu, zeinek, zer, non, nola, zein ordutan, norekin, zenbat ordaindu duen eta badaezpada ere emotikonoa ere ez da falta izaten, zalantzarik gera ez dakigun.

Egin dezagun proba, bueltatu gaitezen garai bateko kontu-jatera. Har ezazue ATARIAren papereko ale bat, zoazte kafetegira, eseri zaitezte hizketan ari diren bakar horien ondoan eta hasi kontu-jaten. A ze gozatu! On egin!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!