Denon etxea, guztion artean

Erabiltzailearen aurpegia Edurne Ayuso 2018ko uzt. 1a, 08:43

«Otsoak, atea jo zuen «kax, kax, kax. Ireki atea. Zuen amatxo naiz…». «Erakutsi hankatxoa» esan zioten antxumeek. Otsoak, bere hanka beltz eta handia sartu zuen ate azpiko zirrikitutik eta antxumeak berehala konturatu ziren «ez, zu ez zara gure ama, zu otsoa zara, alde hemendik!».

Hala, otsoak hankak irinetan sartu eta zuri-zuri zituela berriro jo zuen atea. Eta orduan bai, mozorroturik, antxumeek atea ireki zioten eta braust, banan bana, denak jan zituen! Denak, bat izan ezik.

Iruran agintean dagoen alderdiak ere horixe egin nahi du: goxatu du ahotsa, zuritu ditu hankak eta orain, braust, irurarron ahotsa jan nahi du. Mozorrorik gabe, ardi larrurik gabe ikusi dugu legegintzaldian zehar, baina orain, Txanogorritxoren amonaren plantak egin nahian datorkigu boterea.

Hauteskunde programan halakorik iragarri ez bazuten ere, orain, udaletxea berritu egin behar dela erabaki dute. Herritarrok udaletxea berritu nahi ote dugun eta lastoz, egurrez ala harriz, nola egin nahi dugun erabakitzeko eskumena izan beharko genuke benetan guztiona balitz. «Guztion artean» egingo dugun bakarra ordea, guztiok egin beharko dugun bakarra alegia, ordaintzea izango da. Irurarrok datozen urteetan sekulako dirutzari aurre egin beharko diogu. Udalak berak banatutako eskuorri elegantean, erdi disimuluan eta euskararen ertzak baliatuz zera esan zaigu: «Kostu zenbatetsia (gaztelerazko aproximado) 1.600.000 euro. Kopuru hori ordaintzeko udal-ekarpenaz gain kanpoko finantziazioa ere erabiliko da. Azken horrek urtean 130.000 euroko kostua ekarriko luke datozen urteotan, udal-kontuetarako kopuru onargarria dena». Beraz, atera kontuak, urtero-urtero, 130.000 euro ordaindu beharko ditugu eta horri, udalak berak jarriko duen diru kopurua gehitu beharko zaio, portzierto, eskuorrian kopuru hori ez da zehazten. Ez, lastozkoa, ez egurrezkoa eta ezta harrizkoa ere, badirudi urrezko palazioa egin nahi dutela.

Otsoak, putz eta putz egin zuen etxea bota zuen arte. Bota zuen lastozkoa, bota zuen egurrezkoa eta harrizko etxe sendora joan zen ondoren. Putz eta putz egin zuen, baina, etxea hantxe zegoen, tinko, zutik. Eta orduan zera pentsatu zuen «hara, tximiniatik sartuko naiz. Plazaren erdian, udaletxearen aurrean, karpa bat jarriko dut. Eta herritarrei sinistaraziko diet etxea eurek egina dela eta eurek esandakoari kasu egingo diegula. Hala ez dut tximiniatik sartu beharrik izango, atea irekiko didate. Kar, kar, kar!». «Iradokizunak teknika eta ekonomiaren aldetik balioetsi eta aztertuko dira. Egingarriak direnak aintzat hartuko dira proiektuaren azken bertsioan. Kontuan hartzen zaitugu». Horiexek, eskuorriko beste hitz batzuk. Gogoan dut herriko plazan egitekoak ziren tabernaren proiektua bertan behera utzi zutenean, herritar talde batek bilera eskatu genuenean alkateak eman zigun erantzuna. Alkateak ez omen du herritarrokin zertan elkarturik, berak esan beharrekoak esan omen zituen eta bertan entzundakoak parkean zabaltzeko esan zigun. Horixe entzun behar izan genuen. «Amonatxo-amonatxo, zergatik dituzu horren belarri handiak? Zu hobeto entzuteko» baina, boterea entzungor. Hurrengo batean, pleno batean, atez ateko zabor bilketa kenduko zutela iragarri zutenean, herriko ordezkari batzuk erdi bideko soluzio bat aurkeztera joan ginen. Orduan ere «kontuan hartzen zaitugu!» esan ziguten. Kaka zaharra! Hurrengo egunean prentsan jakinarazi zuten erabakia hartuta zegoela. Paradoxikoki, denona omen den etxean aginte-makila duen anderea, Gipuzkoako Foru Aldundiko parte hartze taldearen kideetako bat da. «Amonatxo, amonatxo, zergatik dituzu horren hortza handiak?». Boterea beti gose.

Herritarrek, plazaren erdian ikusi zuten lastozko etxetxoa eta putz egin zuten, putz eta putz etxea bota zuten arte. Otsoa hasi zen uluka eta Txanogorritxo, korrika, zazpi antxumeengana joan zen. Sartu ziren hiru txerritxoen harrizko etxera, jarri zuen eltzea sutan eta otsoa tximiniatik noiz eroriko zain geratu ziren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!