Kantu terapia

Erabiltzailearen aurpegia Edurne Ayuso 2018ko mai. 6a, 09:53

Hogei urte baina gehiago pasa dira Leioan Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten hasi nintzenetik. Egia esan, denbora asko pasatzen genuen kanpusetik kanpora, Bilboko Zazpi Kaleak ere bizitzarako eskola izan genituen garai hartan. Denetariko tabernak esku-eskura genituen eta gaur egun bezalaxe, orduan ere, baziren lotsa eta auzo lotsa pasarazten ziguten taberna xelebreak.

Zuritoez, kalimotxoez eta ur botilez gain, Rocio Jurado, Su ta Gar, Miguel Bosé, Negu Gorriak edo Rafaela Carrá kantatzeko aukera ematen ziguten karaokeak alegia.

Sasoi hartan ez nuen karaokean kantatzearekin pentsatu ere egin nahi. Nik kantatu? Nik? Pintto-Pinttoren doinuak ere ez ditut ondo ikasi eta! Klasekideak saiatu ziren, pisukideek ere egin zuten ahalegina, baita bikotekideak ere, alfer-alferrik! Ni ez nintzen sekula halako antro batean kantuan hasiko, ezta pentsatu ere!

Urteek aurrera egin ahala, karaoke batetara sartu eta lotsagorritu gabe irtetea lortu nuen. Latzenen Laztana disimuloan eta ahopeka kantatzeko gai izatea iristeraino.

Urtetan sartu ahala ordea, ia konturatu ere egin gabe, nahi gabe, tonto-tonto, karaokearen atzaparretan erori naiz! Gogoan dut lehenengo aldia: ostirala zen, Irurako Ikastolaren aldeko kontzertu bikaina eskaini zuen Motxila 21 taldeak eta hara joan ginen herriko gurasoetako batzuk. Kontzertuaz gozatu, pare bat trago edan eta etxera joatekoak ginen. Baina, konturatzerako, tranpan erori ginen! Rosanaren A fuego lento-rekin hasi ginen baju-baju kantatuz eta gero ezin isildu!

Hurrengoa apropos, garaiz eta nahita egindako plana izan zen. Tolosara afaltzera eta ondoren karaokera joateko plana egin genuen. Helburua karaokea bera zen zalantza izpirik gabe. Bigarren saiorako konturatu nintzen karaokeek badutela eurena den fauna berezi bat. Izan ere, karaokeetan ia desagertzeko zorian dauden-gauden espezieak elkartzen baikara. Gizon zein emakume, mikroaren aurrean dena emateko prest! Gehientsuenak berrogei urtetik gorakoak, hirurogeita hamar urtera arrimatzen denik ere izango da kantuzaleen artean, gazteak ordea apenas.

Adin tartea aintzat hartzen badugu, kantuen zakuan denetarik aurkituko dugu: Nino Bravo, Barricada, Berri Txarrak, Bon Jovi, Mocedades, David Bisbal, Ken 7, Izaro, Azucar Moreno, Gatibu, Alaska, Metallica.. denetarik!

Karaokean, zentzuna galtzen da, ezerk ez du axola, mikroa esku artean izan eta ozen kantatzea da garrantzitsuena. Karaokean, ezker abertzaleko militante sutsuena ere Rocio Jurado bezain folklorika bihurtzen da edo alderantziz, espainolenak ere Sarri, Sarri... kantatuko du pasioz, zer esaten ari den jakin gabe.

Karaokera joan ginen bigarren aldian, Euskal Herrira lanera etorritako andaluziar batzuekin topo egin genuen tabernan. Portzierto, kanturako ez zuten batere graziarik, ez sevillana, ez balada eta ez ezer, ez zuten ia batere kantatu. Tira, ba, tabernaz taberna loreak saltzen zebilen gizaseme bati lore sorta osoa erosi zioten, ondoren tabernan geunden guztioi lora bana oparitzeko. Hura zen hura poza, hura euforia! Hartu larrosa esku artean eta hantxe aritu ginen garrasi batean. Izan ere, karaokea terapia baita, indibiduala zein taldekoa.

Karaokean aritzea Gailurra X-tremen parte hartzearen antzeko zerbait dela esango nuke nik. Suabe hasi eta barrenak hustu arte dena ematen duzu eta fin ibiltzeko aurretik prestatu egin behar da, bai fisikoki eta baita mentalki ere, ez pentsa I'm a Barbie girl jendaurrean kantatzea erraza denik! Kantuan eta dantzan aritzea nekagarria bezain aringarria da. Kantuan hasi eta segi eztarria urratu arte, segi harik eta barruko kezka, beldur eta tentsioak hustu arte! Karaokea demasa da, kirolzale eta kirolari ez garenontzat crossfitaren parekoa.

Kantuzaleak, kirolariak bezalaxe ajeak izaten ditu biharamunean, batez ere barre algarek eragindakoak, beraz, segi dezagun bada kantuan!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!