Denbora asko pasa dugu elkarrekin, momentu onak izan dira gehienak. Zenbat lagun, zenbat toki eta bizipen zure ondoan! Gogoan dut Elgetako Antoniok bere etxean hartu gintuenekoa. Ohean zegoen, gaixotasun baten ondorioz hanka moztu behar izan zioten eta halere irribarretsu hartu gintuen. Akordatzen zara? Edo, Sartagudan, Memoriaren Parkean egon ginekoa gogoan duzu? Askotan serio ibili ginen, baina, ez beti! Tolosako inauterietan behin baina gehiagotan ibili gara elkarrekin, ederki pasatzen genuen! Edo Mendraka txakolindegira bisita egin genuenean ere goiz-pasa ederra pasa genuen!
Banekien gure artekoa beharbada ez zela betiko izango. Banekien egun batean bukatu zitekeela, baina, ez nuen uste horrenbesteko mina egingo zenidanik. Zuk lagun asko izan dituzu beti eta momentu hartan lagun gehiegi ginen zuretzako, garestiegiak ginen. Eta zurekin egotea zeinek merezi zuen eta zeinek ez neurtzeko amildegi ertzean jarri gintuzun… kale edo bale, arre edo so… nire disgusturako amildegitik behera erori nintzen… kale, so… eta orduan bihotzean zauria ireki zitzaidan. Ez, bihotzean ez, ariman. Eta arima husten joan da, begietako distira itzaltzen. Jada ez zenuen nirekin egon nahi, jada ez nuen zurekin egoteko balio, alferrikakoak izan ziren zurekin egindako urteak, ia hamabost urte nuen onena emanez. Orain lagun berriak dituzu, gazteagoak, modernoagoak eta akaso hobeak. Baina ez pentsa nik adina maiteko zaituztenik.
Ia hiru urte pasa dira utzi ninduzunetik. Zauriak ixteko nahikoa denbora bada, baina, nonahi topatzen zaitut: autoan, dendaren batean, harategian, ile apaindegian, tabernan… madarikatua! Eta begiak malkoz betetzen zaizkit. Eta egunean zehar ez bada, gauean ametsetan heltzen zara nigana.
Hasi dira zauriak ixten. Bide berri bat hasi dut eta iritsi da agur esateko ordua. Atea itxi zenidan, baina, aurrean leihoak ditut, parez pare irekita. Barruan asko dago, baina, gehiago dago kanpoan. Maite zaitut irratia, baina, agur, edo hurrengora arte.