Irura hazi ahala, koloretsua, anitza, multikulturala, aberatsa bihurtu da. Gure semearen ikasgelan, esate baterako, jatorri ezberdinetako neska-mutil asko daude, pentsa, zortzi hizkuntza ezberdin baina gehiagok bat egiten dute egunero, ikasgela Babel txiki bat bailitzan. Orain gutxi Portugalgo familia bat etorri zaigu Irurara eta hala, gure seme-alabek beste hizkuntza bat, beste kultura bat ezagutzeko aukera ederra dute.
San Migel plaza izan ohi da ume zein helduon bilgunea. Seme-alabak zaindu beharraren aitzakian berriketaldi luzeak izan ohi ditugu bertan. Herria hartu eta emanez egiten denez, ikasiz eta irakatsiz saretzen denez, atzerritik etorritakoengandik ikasi eta gureaz irakastea dagokigu. Hala, Gabonak gertu ditugula eta, Lisboatik etorri berria den Sandrari Olentzero nor ote den galdetu nion. Denbora gutxi daramate Euskal Herrian eta ez zuen arrastorik ere. Nik kazetari senari ezin eutsi eta detaile guztiekin kontatu nion gure Olentzero nor den. Azalpenak eman ahala, aurpegi arraroa jartzen zuela konturatu nintzen, «hizkuntzagatik izango da akaso» pentsatu nuen, baina ez, arazoa edo muga ez da hizkuntza. Jar gaitezen Sandraren azalean: Olentzero ikazkina da. Ados, gaur egun ez da oso ohiko ogibidea, baina tira, konforme. Basoan bizi da eta urtean behin jaisten da herrira, asto gainean eta opariz beteta. Etxez etxe erregaluak partitzen aritzen da pintxo-potean bezala, jan eta edanez. Aizue, ba, a ze beldurra! Aurpegi arraroa jarriko ez zuen ba! Eta eskerrak Olentzerori eskainitako kantek zer dioten kontatu ez diodan! Olentzero begi gorri… pipa hortzian duela eserita dago... Bart arratsian edan omen du hamar arroko zahagia. Hau urde tripa haundia!. Ba al dakizue arroa bat zenbat den? Arroa bat hamabi kilo baino gehiago dira aizue!! Erretzailea, mozkorra, jale amorratu eta muturzikina, alajaina! Eta noski, hamar arroko zahagia edan eta gero: «Alaken, alaken, ala pikula tun paire, errespunde la pikula tunpa Jesus Maria Jainkoa zen».
Sandrak Lisboan pasako ditu Gabonak, ez dio Olentzerori pattarrik edo pastarik utziko, ez eta astoarentzako urik ere. Lasai egoteko esan diot, lo arina dudala eta Olentzero noiz etorriko zain egongo naizela Gabon Gauean. Almoada azpitik mugikorra atera eta Olentzerorekin selfie-a aterako dut gero Sandrari bidaltzeko. Olentzerori besarkada eman eta… biok batera esango dugu: whisky! Ez, ez, whiskyrik edan gabe ere nahikoa izango du gure Olentzero entendimentuz jantziak. Argazkia imajinatu dezaket, Olentzero eta ni bata bestearen ondoan, pozik. Olentzero, biok batera: pa-ta-ta!!