Tximak, ximurrak eta kupela

Erabiltzailearen aurpegia Edurne Ayuso 2017ko urr. 14a, 16:22

Bi urte baina gehiago pasa ditut ia berrogei urte ditudala esanez eta behin muga horretara iritsi naizenean, nire inguruko batek baina gehiagok berrogeita bat urte bete ditudala pentsatu du. Orain hiru urteko udaran hasi zen dena. Urtebetetze eguna pasa berria nuen eta lagun batzuengana, kanpinera,  joan ginen bisitan. Bertan zituzten kandela apurrekin apaindu genuen tarta… «Lau» gorri bat eta «zero» txuri bat jarri genituen nata artean, lau gehi zero, berrogei!

Nik ere, zuek bezalaxe, berrogei urteko krisiarena txorakeria hutsa zela uste nuen. Treintañera izatetik cuarentona izaterako bidea konturatu gabe egingo nuelakoan nengoen. Banketxeak «Gazte Txartela» kentzerakoan sentitu nuen amorru eta umiliazioa behin gaindituta ez zela horren gogorra izango uste nuen. Baina, bai andrea, bai jauna… hirutik laurako saltoa handia da! Ispiluaren aurrean jarri eta begi zuloak, ximurrak eta ile zuriak baino ez dituzu ikusten. Ispiluarekin nahikoa ez eta zu baina dozena bat urte gazteago direnek, euren intentzio onenarekin, zera esaten dizute: «Aizu, ba zure adinerako ez zaude batere gaizki». Eta zer esan halakoetan? Irribarre tonto bat egin eta mekaguen guztiak zuretzako uzten dituzu.

Krisiari aurre egin nahian, emakumeok berrogei urterekin gure garairik onenean gaudela dioten psikologo, mediku eta abarren hitzak sinesteko ahalegina egiten duzu. Behin adin honetara iritsita ba omen dakigu zer nahi dugun eta zer ez, sexualitatea ere modu erlaxatuagoan bizi dugula eta bla, bla, bla… lau urteko alaba maitagarria zuri begira jarri eta orduantxe dator errematea: «Ama, txima horiekin eta ximur horiekin amona xahar bat ematen duzu!».

Telebista jartzeak ere ez du asko laguntzen. Berrogei urteko emakumeak ikusten dituzu irribarretsu eta pozaren pozez hemorroideen aurkako ukenduak, laxanteak, lo egiteko pilulak, lubrikanteak edo ilerako tintak iragartzen. Dena da txima eta ximurra!

Orain egun batzuk auzoko emakume batekin topo egin nuen. Seme-alabei buruz hizketan hasi ginen eta ia konturatu ere egin gabe zenbaki madarikatura iritsi ginen. Urteak zeinen azkar pasatzen diren… umeak konturatzerako koxkortzen direla eta emakumeok nahi baino azkarrago cuarentona bihurtzen garela. Erdi haserre, amorruz, zera  pentsatu nuen: «Kito! Berrogei urte bete ditut, konforme, eta zer?».

Berrogeita baterako bidean jarrita, gogoan dut Mutiloan, bordan, lagun artean entzundako bertso bat. Bordan bertan mimo handiz egindako sagardoari eskainitako bertsoa zen. Hitz haiek buruan iltzatuta ditut oraindik : «Iaz bi kupel aurten bakarra, asetzeko egarria. Bertsoa horrelaxe hasteak badu bere zergatia. 80 urtetan du bizitzak iraupen edo neurria, jada erdia hustu dugula badugu ere egia, aurrean degun bizi luzetik goza dezagun guztia». Tira bada, orain, kupela beteta dagoela pentsatuz bizi nahi dut. Tximak, ximurrak eta ile zuriak onartu ditzagun eta goza dezagun bizitzaz, txotx egin dezagun kupela hustu arte. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!