Alegiko zubi zaharretik paseoan nenbilela, ahate ama bat ikusi nuen igerian, lehen aparrez josia zegoen Oria kutsatuan. Nork esan orain 40 urte, Oria ibaia ahate, ubarroi eta bestelako faunarekin ikusiko genuela? Udaberrian gertatu ohi den bezala, ahate amak sei ahatekume zituen atzetik, benetan argazki xarmangarria. Sei ahatekumen ostean zazpigarren bat zetorren, baina azken hau xelebrea zen. Anai-arrebak marroi ilunak ziren bezala, azken hori-horia zen. Guztiok etxera eramango genukeen ahatetxo polita! Nire inguruko guztien «Oh! Ze politte!» eta «Uiii…» entzun ostean, biologoa izanik, ahate xarmangarriaren etorkizunari buruz zerbait esan nuen: «Horrek ez du hilabete ere bizirik egingo». «Umen aurren hori ez zak esan» eta «Gaixoa, nola ba, horrelako gauza polita nork hil behar du» batzuk entzunda, zera galdetu nien: «Zuek kaioak (Larus argentatum) bazinate zein ahatetxo harrapatuko zenukete lehenik, egun osoa jan gabe igaro eta estanpa polit hori ikusita?».
Guztiek «ahate horia» esan zuten. Zergatia galdetu eta batek «ikusten errexena dekelako» esan zuen. Bingo! Bost puxtarri Kaio baten burmuina duen gizaki horri! Ibaiaren gainetik hegan doan kaio gosetiak lehenengo ikusiko duena ahatetxo horia izango da; anai-arrebak, marroi ilunak izanik, ez dira ikuserrazak ibaiaren zoruko kolore ilunarekin.
Badirudi ahate hori koitaduak errepide ertzeko «elkarte» ilegalek duten antzeko kartel argitsu bat daramala buru gainean, «Hemen netxok!» esanez. Kaio gosetiak helduko dio ahatetxoari, eta bizkarrezurra bitan zatitu ostean, leku eroso batean edo hegan doala jango du. Ongi etorriak, bizidunen bizitza gogorrera.
Ahatetxo horia egon ez balitz, agian kaioak denbora gehixeago igaroko zuen ibaiari begira, eta sei ahatakumeak ikusi egingo zituen, sarraski bat eginez. Baina ahatetxo polit horiari esker, bere sei anai- arrebak salbu geratu dira. Anai-arreba hauek ugaldu egingo dira, eta beren kumeek ere gurasoen antzeko kolore ilun itxusia izango dute.
Tarteka, ordea, belaunandiz belaunaldi, kolore marroidun ahate familietan kolore horia duten ahatekumeren bat agertuko da, artalde zuri batean agertzen den ardi beltza bezala. Eta zorionekoa ahate familia hori! Ahatekume horiak erakarriko baititu harrapariak, beste ahatekumeei bizirauteko aukera gehiago eskainiz.
Ahatekume horiek ez dute etorkizun oparoa izango, baina beren kolorea hor egongo da, ahate familia marroien barruan, nolabait idatzita; tarteka agertu egingo da, familia guztiari abantaila galanta emanez. Arazotxo bat dauka ordea, marroi iluna izateak. Hegazti emeak kolore bizien zale dira, eta arrek beren lumen kolorea aldatu beste erremediorik ez dute. Helduak direnean, ordea, kaioen biktima izateko aukera gutxiago dute, hegan ihes egin dezaketelako. Horregatik, beren lumen kolorea ikusgarriago egiten da emeak erakartzeko eta, uzten badiete behintzat, ugaltzeko. Taldearen hobe-beharrez sakrifikatzen dira.
Badira, nonbait, susto bat eman eta hankak luze-luze eginda, konorterik gabe, ziplo geratzen diren ahuntza arrazo batzuk. Horiek ere ahatekume horiaren antzekoak dira. Pentsa otso bat ahuntza-talde bat erasotzera doala eta, bat-batean, ahuntzetako bat lurrean geratzen dela, ziplo, besteak korrika ihesi doazen bitartean. Otsoari bazkaria plateran ipini diote. Eta beste ahuntzak ere ez dira memeloak: «Lurren zeokena jantzak eta nei pakea emaidak!». Ahuntza-talde guztiek lurrean ziplo geratzen diren ahuntza pare bat balute…
Antzeko zerbait gertatzen omen da Afrikao tximino mota batekin. Taldean ba omen da bat, harrapari bat ikusi eta taldekideei beti garrasi egiten diena. Tximino esataria, normalean, harrapariaren lehen biktima izaten da, besteak ihesi doazela bera zuhaitzaren puntan geratzen baita, garrasika, harraparia agertu eta lepoa bihurritzen dion arte. Kazetaritza horrela sortu ote zen?
Kontuz ibili txikitero talde batean egon eta ile horia, hankak luze eginda esertzeko ohitura edo garrasika arieko afizioa baduzue. Harrapari baten biktima izateko aukera duzue! Bukatzeko, betikoa: galdera edo porposamenak ongi hartuak izaten dira zutabean. Idatzi lasai bioaniztasunetik@hotmail.com-era edo jarraitu Twitterren (@bioaniztasuneti), jada 50 inguru bagara eta!