Gizaki sarraskijalea

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2014ko urt. 30a, 10:53

Benetan gauza xelebrea gertatu zitzaidan lehengo astean. Konpostagailu bat ezartzera joan eta gizakiaren biologia ebolutiboan pentsatzen bueltatu nintzen furgonetara.

Nahiz eta biologook, asko dakigun eta berebiziko abilezia dugun kontzeptu ezberdinak erlazionatzeko, ez da oso ohikoa konpostagailu bat ikusi eta Afrikako sabanan bizirauten zebiltzan gure urruneko ahaideez pentsatzea. Konpostagailua ezarri nion pertsonak, konpostagailura untxien larru azala botatzerik ba ote zeukan galdetu zidan… galdera ona! Frogatzeko esan nion, behin baino gehiagotan ikusi izan baititut arkume larru azalak, arrain tripak eta hildako oiloez dauden konpostagailuak… eta inongo usainik gabe! Ostean, datu interesgarri bat esan zidan.

Untxia hilberria denean, ezin omen da segituan jan, zintzilika utzi behar omen da egun batez haragia bigundu dadin. Eta hemen pentsatzera bultzatu zidan esaldia: «gizakia sarraskijalea duk, lehoi batek bufalo bat hil eta segituan jaten dik, guk ezin diagu egin hori, guk haragia egun batez usteltzen utzi behar diagu». Harrapazak! Eta noski, laneko zortzi orduak horretaz pentsatzen igaro ostean, etxera heldu bezain pronto ezin egon gai hau aztertu gabe eta noski, zuei kontatu gabe!

Askorentzat umiltasun lezio bat izango da zutabetxo hau, beraz, besteak baino gehiago direla pentsatzen dutenik ezagutzen baduzue, bidali iezaiozue karta anonimo batean zutabetxo honen kopia bat, ea umiltasuna letra moduan iristen zaion burura. Honez gero nire irakurleek jakingo duzuen bezala, gure ahaide urrunak, Afrikatik irten ziren orain urte asko eta Europa hutsean ipini ziren bizitzen. Esan beharrik ez dago, lehen gizaki afrikar hauek ez zirela zuriak eta ilehoriak, ziurrenik azal oso ilunekoak zirela, nahiz eta dokumental eta bestelakoetan ez duten erabat argi uzten. Zenbait ultra-mugimenduk, gure antzinako historia apur bat ikasiko balute… makina bat txorakeri kenduko litzaieke! Lehen gizaki hauek ez ziren Tarzan bezala, inguruko lehoi eta animalia guztiak beldurturik zeuzkaten gizaki indartsu boteretsuak, gure arbasoek gosea eta hotza pasatzen zuten, ziur lehoien bazkari eta gaixotasun ugariren biktima zirela, sabanako beste animali bat gehiago ziren. Egin diren ikerketen arabera, gizaki hauek ziurrenik hain beharrezkoa zen haragia, sarraskitik lortzen zuten, gaur egun gurean ditugun sai, bele eta nahiko nazka ematen diguten animalia hauek bezala.

Zure eta nire arbasoak, itxuraz eta garunez gure oso antzekoak, harrapakariek utzitako haragia jaten zuten, beldarrez beteta eta askotan egun bat baino gehiagoz ustelduta zegoena. Ez da harritzekoa beraz, gizaki hauen digestio aparatua, modu honetako elikagaietara egokituta egotea.Gure arbasoak, Tarzan bezalako ehiztari boteretsuak baziren eta haragi freskoa jatera ohituta bazeuden, gaur egun, guk ez genukeela haragi hil berria egun oso batez biguntzen utzi beharrik, zuzenean jango genuke. Baina Afrikako seme-alaba haiek, bazuten beste animaliek ez zuten zerbait, adimena eta hizkuntza. Eta bi arma hauekin, erreminta berriak landu zituzten, talde lana hobekiago koordinatzen ikasi zuten, informazioa elkarren artean banatzen zuten eta sarraskijaleak izaten jarraitzen zuten arren, tartean ehiza ere egingo zuten, baina noski, ehizatutako hau, egun batez zintzilika utzi behar zuten nahi eta nahiez, gaur egun, zuk eta nik, untxi hilberri bat utziko genukeen bezala.

Beraz, bestelako azal koloreak atsegin ez zaizkizun horrek, eskopeta hartu eta hilberri duzun basurdearen aurrean boteretsu sentitzen zaren horrek edo beste kontinenteetara, zure erlijio zuria, beltz koitaduen artean zabaltzera joaten zaren horrek. Utzi harrokeriak, eskopetak eta bibliak minutu batez eta pentsa orain oso gutxi, kolore oso iluneko gizakiak ginela, beste animaliekin, usteldutako haragi puska batengatik borrokan ibiltzen ginela eta gure erlijio bakarra, egun bat gehiago biziraute zela, ez zegoen besterik.

Atzo gauen jan zenuen oilaskoa, egun batez zintzilika egona da, biguntzen, eta gurera, Afrikako lehen gizaki bat ekarriko bagenu, oilasko bat hil ostean, hark ere zintzilika ipiniko luke. Eta zintzilika jartzeko moduan gure twitter-a eta bionaiztasunetik@hotmail.com dago, ez bildurrik izan gai berriak proposatu, dudak galdetu edo argazkiak bidaltzeko. Ongi hasi sagardo denboraldia eta txuleta jaterako orduan pentsatu haragi hori ere, biguntzen egon dela!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!