Izenak dioen moduan, ur zozoa, uretara egokitu den zozo bat da, eta zozo arruntarekin antzekotasunak badituen arren, ur zozoa marroi ilun kolorekoa da eta heldua denean paparra zuria du. Formaren aldetik nahiko zelebrea da, izan ere, pilota edo bola itxura dauka, nahiko arraroa hegaztietan. Guztiz hegalari diren hegaztien itxura luzanga izan ohi da, airearekiko erresistentzia murrizteko eta hegaldia «merkeagoa» izateko. Baina urpean bizi diren ornogabeetaz elikatzen den hegazti batentzat, hegalari ona izatea baino hobea da urpekari ona izatea, horregatik du ur zozoak pilota itxura hau.
Horrez gain, hegalak ere laburrak dauzka eta isatsa ez du zozo arruntak bezain luzea, labur eta sendoagoa baizik, isats honek ahalbidetzen baitio urpean maniobratzea, arraunlari bikaina da gure ur zozoa! Urpean bizi den zomorro mota ugari jaten ditu, hala ere, ur zozo gazte eta helduek ez dituzte zomorro berak jaten. Ur zozo gazte eta txikiak, ez dira ibaien erdialdera joatera ausartzen eta beren elikadura, ibai ertzean bizi diren zomorroena izaten da.
Ur zozo helduak, igerilari trebeagoak, ibai erdigunean metro baterako sakonerara murgil daitezke, ez da sakonera makala 20 zentimetro luzeko hegazti txikiarentzako. Modu honetara, heldu eta gazteen arteko elikagaien arteko lehiarik ez da egoten eta belaunaldi ezberdinak elkarrekin bizi daitezke eremu berean. Itxura batez hegazti txiki, pilota itxurakoa eta maitagarria dirudien arren, ur zozoa oso lurraldekoia da, bere eremua sutsuki defendatzen du, bere paparra erakutsiz, mokoa astinduz eta hegalak zabalduz. Ugaltze sasoian ordea, ur zozoaren lurraldekotasun maila jaitsi egiten da, ezin neskatan egin inguratzen diren eme guztiak uxatuz gero! Zenbat ikasi behar dugun euskaldun arrok ur zozo arrengandik! Ur zozo arrak eta emeak, beraien papar zuriak erakutsiz elkar konkistatzen dira, hemen ez da tabernarik eta zerbeza batera gonbiterik egin beharrik, paparra erakutsi eta kito! Ar batek normalean eme bakar bat izan ohi du, noizean behin eme bat baino gehiagoko arrak ikusi izan diren arren, baina zihur hauek ur zozo kanpotarrak direla, Argentina aldeko ur zozoak edo. Habia ur ertzean egin ohi dute zozo bikoteak, habi erosoa, goroldio eta belarrez egina, borobila eta beti errekara begira. Hiruzpalau arraultza ipintzen dituzte eta bizidunen mundu krudelean gertatzen den moduan, lehen jaiotzen den ur zozo txitoak abantaila izan ohi du bere anaia-arrebengan; bi mokadu ordez hiru jaten baditu elikatuago egongo da gaixotasunei eta hotzari aurre egiteko, handixeagoa egingo da eta sasoi txarrak badatoz bere anai-arreba txikiena habiatik kanpora bota ahalko du eta janari gehiago hartu.
Hemen ez dago sentikortasunik, zu edo ni, naturaren legea. Hilabete inguruan, bizirik dauden txitoak habiatik kanpora irteten dira, baina oraindik pare bat astetan gurasoengana jotzen dute janari eske. Behin sexu heldutasunera heltzean, eremu berrien bila doaz ur zozo gazteak, baina ez dute ez lan makala, izan ere, ur zozoa ez da edozelako ibaietan bizitzen, kutsadura baxuko ibaiak atsegin ditu, eta horregatik uren kalitate onaren adierazle da.
Hala ere, ur zozoak baditu hainbat lehiakide ibaietan, eta harrituko zareten arren, lehiakiderik handiena amuarraina (salmo trutta) da, izan ere, oso dieta antzekoa dute eta bizidunen munduan gertatzen den moduan, batek jaten badu bestea gosez hiltzen da. Azken ur zozoa, Oria ibaian ikusi nuen, Alegia eta Tolosara doan bidegorrian, Benta Haundi sarreran, beraz, eguraldiak hobetzen direnean, bota begirada bat eta ea zorte pixka batekin ur zozoa atzematen duzuen Orian (orain 20 urte hau esango zela pentsatzerik). www.euskalnatura.net-en duzue ur zozoa eta gertuko beste bizidunei buruzko informazio ugaria. Euskal biologo boluntarioen lan zientifiko bikain bat da. Egin kasu balio didaktikoko handiko orrialdea da. bioaniztasunetik@hotmail.com-en edo twitter-en nauzue.