Pizkundea Euskararen Errepublikarantz

Erabiltzailearen aurpegia Billabonako EHE 2026ko maiatzaren 7a

Euskal Herrian Euskaraz, herri mugimenduko talde euskaltzaleak "Euskaltzale independentiston topaketa" antolatu zuen apirilaren 24 eta 25ean Azpeitian. Euskal Herriko txoko guztietatik joandako ehunka euskaltzale elkartu ziren bertan. “Euskaratik Independentziara” mahai-inguruaren ondoren EHEk ekitaldi nagusia egin zuen Azpeitiko plazan.

Ekitaldiko hitzartze nagusia egin zuten Intza Gurrutxaga eta Markel Adin EHEko bozeramaileek.

Jarraian irakurketa osorik:

Azken urteotan bizi dugun olatu erreakzionarioaren aurrean, azpimarratzekoa da Euskal Herriko herri mugimendua egiten ari den lana. Euskal Herrian Euskaraz hor kokatuta, garrantzitsua iduritzen zaigu azkenaldian egiten ari garen ekarpena. Horregatik, mila esker, besteak beste, abenduaren 3an, 6an eta 27an euskararen alde mobilizatzeagatik; urtarrilaren 31n, gure kideen epaiketa zela eta, elkartasuna erakutsi eta errepresioaren kontra agertzeagatik; otsailaren 5ean, lau kide horien epaiketara berotasuna ematera agertzeagatik. Eskerrik asko, finean, zuen egunerokoan, Euskal Herri euskaldunaren alde borrokan ari zareten militante eta euskaltzale guztioi!

Borrokak, ordea, ez du etenik… Mundu nahasi honen erdian, gure aletxoa paratu eta elkarrekin hausnartu, pentsatu eta gozatzeko aukera eman digun eta emanen digun elkargunea sortzen eta elikatzen ari gara Euskaltzale Independentiston bigarren Topaketan honetan. Izan ere, euskararen eta Euskal Herri askearen alde egiten dugun borrokak ez du soilik gure herria indartzen. Hortik haratago, mundu anitzago bati eta han eta hemen dauden borroka askatzaile orori egiten dio ekarpena. Zapaltzen gaituen sistema global honek erro ugari ditu, baina gure existentzia bera da hura arrakalatzeko biderik eraginkorrena.   

Mundu nahasia aipatu dugu, baina Euskal Herrian ere urak ez dabiltza bare. Euskararen auziari dagokionez, testuinguru larri bezain interesgarrian gaude, eta batzuen gustuko izan ez arren, euskararen borroka berpizten eta indartzen ari da. Aste honetan bertan, “Baxoa euskaraz!” aldarriz bete dituzte Baiona eta Donapaleuko ikuskaritzen egoitzak eta, Iruñean, agerraldi jendetsua egin dute Nafarroako Gobernuak hezkuntza euskaldunaren aurka hartutako erabakia salatzeko. Bai, bada zer salatua, baina, batez ere, bada nork salatua; eta hori, euskaltzaleon garaipenetako bat da.

Isilik eta lotsati nahi gaituzte, aztoramendurik gabe. Ez soilik espainiar eta frantziar estatuek, Euskal Herriko alderdi abertzaleen artean ere epelkeria handia sumatzen dugu. Bestela, nola uler liteke Korrika eta Comisiones Obreras sindikatuaren arteko aferaren inguruan, Eusko Alderdi Jeltzaleak “euskara liskar politikotik atera behar” dela adieraztea. Ez, barkatu, euskararen aldeko borroka borroka politikoa da, eta euskarak aldeko politikak behar ditu. Horiek egiterakoan, eztabaidak eta aurkakotasunak sortuko dira eta, hain justu, arduradun politikoei dagokizue horiek kudeatzea eta, benetan euskararen alde bazaudete, horiei aurre eginez, euskararen normalizazioan urratsak ematea. Kontrara, ordea, atzerapausoak ikusten ditugu. 

Comisiones Obreras sindikatua aipatuta, orain dela aste batzuk jaso zuen EHEk haren mehatxu gutuna. Dirudienez minduta daude “euskararen etsai” modura seinalatu ditugulako. Baina, zer nahi dute bada? Argia aldizkariak egindako ikerketak frogatuta utzi du: sindikatu espainolista horren inguruan, euskararen aurkako kanpaina antolatu dute. Sindikatuaz gain, ezker espainolista dago tartean. Kontu egin! Euskaldunon aurkako oldarraldia eskuinetik ez ezik, ezkerretik ere badatorkigu-eta.

Estatu frantsesa eta bertatik eratorritako instituzioak ez dira atzean geratzen; azterketak euskaraz egitea, hezkuntza euskalduna jasotzea edota epaitegian euskaraz deklaratzea debekatzen digute. Era berean, Euskararen Erakunde Publikoaren aurrekontua emendatzea oztopatu dute, euskararen aldeko hizkuntza politikak egiteko ahalmena kamustuz. Argi dago zein den espainiar nahiz frantziar estatuen egiazko aurpegia. Larrialdi egoeran ez gaude kasualitatez edo ausaz. Bi estatu horiek Euskal Herria desagertzeko estrategia dute eta, bide horretan, badakite hizkuntzak egiten gaituela herri eta, horrenbestez, hizkuntzarik gabe ez dagoela herririk. 

Biak ala biak estatu zapaltzaile eta linguizidak dira eta, gure lurraldean bertan, euskarari ofizialtasuna ukatzen diote. Hain justu, aurten, abenduaren 15ean, 40 urte beteko dira euskararen kontrako “Ley del Vacuence”-a indarrean sartu zenetik. Nafarroa Garaiko legedi horrek, lurraldearen zati handienean, euskarari legezko ofizialtasuna ukatzen dio. Frantziako Konstituzioak euskara ukatzen du eta Espainiako Konstituzioak Euskal Herrian euskarari bigarren mailako estatusa ematen dio. Euskara Euskal Herrian biziko bada, Euskal Herri osoan ofizialtasuna aitortzea gutxienekoa da. Hala ere, jakin badakigu ofizialtasunak ez duela euskararen biziraupena bermatuko. Euskara, bizirauteko eta garatzeko, Euskal Herrian lehentasunezko hizkuntza izan behar da; hau da, biziko arlo guztietan euskaraz arituko den herri bat. Hala, azken hilabeteetan, ofizialtasunaren aldeko nazio lantaldea aktibatu dugu Euskal Herrian Euskarazetik. Honek ofizialtasunaren inguruan hausnartu eta proposamenak landuko ditu, garrantzitsua baita diskurtso zuzenak zabaldu eta herria gure terminoetan eraikitzea.

Ezin aipatu gabe utzi azken hilabeteetan bultzatu dugun intersekzionalitatearen dinamikak zenbait euskaltzaleren artean sortutako sumina. Bidea urratzen hasi gara, beraz, zorionak dinamika honetan parte hartzen ari garen eragile guztioi. Era berean, Euskal Herriko bertzelako eragileei ekimen honetara batzeko deia egiten diegu. Elkarrekin eta borrokak elkar lotuz egin behar diogu aitzin etsaiari. Bakoitzak bere bidea bakarrik egitea ezinezkoa ez ezik, kontraesankorra iduritzen zaigu, herri honen balioen kontrakoa. EHEtik argi dugu zapalkuntzarik gabeko Euskararen Errepublika eraiki nahi dugula. Euskararen Errepublika hori alde batera uzten duzuen guztioi eta, alde batera uzteaz gain erasotzen gaituzuen guztioi, mezu argi bat: Euskararen Errepublika eraikitzera goaz, indartsu gaude eta ez gaituzue kikilduko. Bakarrik ezin baita, baina kolektiboan bai; hori da gakoa.

Testuinguru honetan, ozen eta harro aldarrikatzen dugu larrialditik pizkundera pasatzearen beharra. 60ko hamarkada amaieran nola, orain ere, aurrera egingo badugu, olatu berri bat sortu behar dugu. Azken bi hamarkadetako geldotze aroa eten eta indarraldirako bidean hasteko unea da. Norabide horretan bildu ginen euskaltzaleok, Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, abenduaren 27an, Bilbon. Eta Pizkundea eten ez dadin, dei egiten diogu euskaltzale independentista orori ekainaren 13an Iruñeko karrikak hartu eta, Euskaltzaleon Martxan, Euskal Herri euskaldunaren alde mobilizatzera. Euskararen etorkizuna jokoan dagoelako, euskaltzaleon garaia da! Ekainaren 13an denok Iruñera! 

Gaur hemen bildu gaituen arrazoi nagusira itzuliz, euskararen biziraupenerako, estatu propio baten beharra argiki aldarrikatu nahi dugu. Frantziar eta espainiar estatuen menpeko ez dugu Euskal Herri euskaldunik lortuko. Gure herriaren gainean eraiki dituzte euren estatuak. Ape Musa idazle eta intelektual kurduak zioen gisan: “Nire hizkuntzak zure estatuaren oinarriak astintzen baditu, horrek esan nahi du, ziur asko, zure estatua nire lurrean eraiki duzula”. Euskararen Errepublika, independentzia, ipar hartuta, jarrai dezagun zapaltzen gaituzten arauak nahiz legediak desobeditzen, borrokak pizten eta alternatiba eraikitzen. Argi izanik, askapenerako gure tresna nagusia euskara izango dela!

Amaitzeko, dei egin nahi diogu euskaltzale eta independentista orori, gurekin antolatzera eta eragitera; euskararen borroka delako borroka askatzaileena, eta ezinbertzekoa iduritzen zaigulako euskararen aldeko militantzia sortu eta garatzea. Hala, dei berezia egin nahi diogu euskal gazteriari gurera hurbildu eta gurekin jardutera. Euskararen aldeko borroka badelako gazte borroka, badelako gazteria aktibatzeko giltza. Borroka honek etenik izan ez dezan, gazteok bagarelako agente klabea hemen. Herri hau euskaratik eta euskaraz eraikitzen segi dezagun, antolatu Euskal Herrian Euskarazen!

Gora Euskararen Errepublika!

Gora Euskal Herri euskalduna!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!