CCOO sindikatuaren mehatxuaren aurrean, borrokan jarraitzeko deia egiten dugu

Erabiltzailearen aurpegia Billabonako EHE 2026ko apirilaren 17a

Euskaltzale konprometituon adierazpen askatasuna mugatzeko CCOO sindikatu espainiar euskarafoboak EHEri egindako mehatxua, guztiz onartezina da eta argi adierazten dugu ez gaituztela kikilduko. Zer uste dute? euskaldunon erasotzaileak seinalatzeari utziko diogula? oso oker dabiltza.

Euskararen eta euskaldunon etsai gisa seinalatuz, 2025eko abenduaren 24ean, EHEren enkarguz, Olentzerok ikatza utzi zuen CCOOk Gasteizen duen egoitzaren atarian. Ekintza horren bitartez, euskararen aurkako oldarraldi judizial eta politikoan sindikatuak jokatzen duen paper estrategikoa salatu zuen eragile euskaltzaleak. Azken asteetako albisteek, gainera, salaketa hori indartu dute. Izan ere, Argia hedabidean argitaratutako albisteek berretsi dute CCOO euskaldunon eskubideak murrizteko eta euskararen bazterketa betikotzeko estrategia antolatu baten parte dela. Euren azpijokoa begien bistan geratu da, oraingoan, froga argigarriekin gainera.

Abenduaren 24ko ekintzak, ordea, ezinegona sortu du CCOOn eta, EHE intimidatzeko asmoz, mehatxu gutuna igorri dio. Bertan, bere irudi-, ospe- eta marka-eskubideak urratu izana egozten dio EHEri eta, bide judizialak hartu aurretik, adiskidetasunezko konponbidea adosteko proposamena egiten dute. Gainera, mehatxu egin dute Andoaingo Udala ere demandatua izan daitekeela, bi eragileen arteko lotura faltsua eginez. Lotura faltsu hori, paradoxikoa badirudi ere, informazioa euskaratik gaztelaniara desegoki itzultzearen ondorio izan da.  

Adiskidetasunezko konponbide hori gauzatu dadin, EHEk bost konpromiso hauek hartu beharko lituzke: 

  1. Eduki arau-hauslea beherala kentzea X plataformatik eta zabaldua izan den gainerako bitartekoetatik.
  2. CCOOk dituen eskubide esklusiboak aitortzea. Antzeko arau-hausteren bat errepikatuko balitz, zigor-klausula bat abiatuko lukete.
  3. Etorkizunean, CCOOren irudiari, jabetza industrialari eta instalazioei eragiten dien antzeko ekintzarik ez egiteko edo ez zabaltzeko idatzizko konpromisoa hartzea.
  4. Aurrez aipatutako baldintza guztiak bete izanaren frogak aurkeztea.
  5. Komunikazio honen konfidentzialtasuna gordetzea, baita bertatik erator daitezkeen negoziazioena ere. 

Konprimiso horiek hartu ezean, egokitzat jotzen dituen ekintza judizialak abiatu ditzakeela aurreratu du CCOOk, espetxe zigorrekin mehatxu eginez. 

Ezer baino lehen, sinestezina deritzogu ikatza eramateagatik eta pegatina batzuk itsasteagatik, Olentzero epaitegira eraman nahi izatea. Ez al dakizue zein den Olentzeroren jardunbidea? Gaizki portatzen direnei ikatza ematea. Halakorik jaso nahi ez baduzue, badakizue, zintzoak izan; euskararen aurkako talde antolatuen sustapenean aritzea eta Olentzerok opariak eramatea ez baita bateragarria. 

Bestalde, gutuna espainol hutsez jaso izana salatzen dugu. Euskara da Euskal Herriko berezko hizkuntza, EAEn baita ofiziala ere, beraz, jakinarazpen oro euskaraz jaso nahi ditugu. Gutuna euskaraz igorri ez izanak, beste behin, argi adierazten du sindikatu espainolista honek euskararekiko duen jarrera zapaltzailea eta baztertzailea. 

Amaitzeko, onartezina da herritarron adierazpen askatasuna mugatzeko, horrelako mehatxua jaso izana. Bai Olentzerok, bai EHEk, askatasun osoa dute euskaldunon hizkuntza eskubideen kontra diharduten norbanako nahiz eragileak seinalatzeko. CCOOk proposatutako bost konpromiso horiek hartzeko modu bakarra, sindikatuak euskararen kontrako estrategia antolatua bertan behera uztea litzateke eta, benetan, euskararen biziberritzearen aldeko jarrera hartzea.

EHE ez duzue horrelako mehatxuekin kikilduko. Argi izan dezazuela euskararen aurka abiatutako estrategia gelditu ezean, zuen jarrera euskarafoboa salatzen jarraituko dugula. Era berean, euskaltzale orori dei egiten diegu, euskaldunon erasotzaileak seinalatzera eta desobeditzera.

Euskaltzaleon garaia da. Ohartu ez bazarete ere, pizkundea hasi da eta honek ez du atzera bueltarik!

Gora Euskal Herri euskalduna!
Gora Euskararen Errepublika!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!