Badator Korrika! Badator euskararen alde egiten den ekimenik handienetarikoa! Hamaika egunez, Euskal Herri luze zabalean, milaka lagun mobilizatuko gara “Euskara gara” aldarripean. Hala, euskararen aldeko olatu erraldoi hori iritsi aurretik, eta, nolabait, baita olatu hori elikatzeko asmoz ere, Korrika abiatu baino egun batzuk lehenago, Euskal Herrian Euskarazetik, Ireki bidea euskarari! ekimena jarri dugu abian.
Euskaltzaleei luzatuko diegun erronka hauxe izango da: astebetez, martxoaren 9tik 15era, erdaldundutako Euskal Herriko bide-seinaleak ezabatzea eta euskarari lehentasunezko lekua ematea. Euskal Herrian Euskarazetik ohikoa izan da horrelako ariketa masiboak proposatzea eta, aurten, Korrikaren testuinguruan, horixe planteatu nahi diegu euskaltzaleei.
Gaur egun, Euskal Herriko hizkuntz paisaia euskaldunon zapalkuntza egoeraren adibide argia da. Oso kasu gutxitan topatuko dugu euskara hutsean oinarritutako paisaia linguistikoa. Gehienetan, erdarek lagunduta topatuko dugu; askotan, gainera, bigarren mailan. Hainbat kasutan, euskara ukatua da eta ez zaio lekurik txikiena ere ematen. Horregatik, EHEtik hizkuntza paisaia iraultzeko proposamena egiten dugu, euskarari, Euskal Herriko berezko hizkuntzari, lehentasunezko lekua emateko.
Bide seinaleetan, kale/toki izendegietan edo karteldegi desberdinetan euskarari lehentasunezko lekua emanez: euskara prestigiatzen dugu; euskara ikasteko, edo gutxienez, ulertzeko beharra sortzen dugu; gure ingurua euskaraz ulertzeko eta izendatzeko baliabideak ematen ditugu; euskaraz garela lau haizetara argi zabaltzeko tresnak sortzen ditugu; eta euskarazko leku izenak berreskuratzeko aukera gisa ere probestu genezake. Horregatik guztiagatik, martxoaren 9tik 15era, ireki diezaiogun bidea euskarari, eta Korrikak zeharkatuko dituen bide bazterretako kartelek ere, konplexurik gabe, esan dezatela: “Euskara gara”.
Oharra: ezabaketetarako “Euskaraz” jartzen duten pegatinak sortu ditugu, nahi izanez gero, eskatu ehe@ehe.eus posta elektronikora idatzita. Era berean, ekintzen irudiak posta elektroniko berera igortzea asko eskertuko genuke; gero, EHEko sareetatik, horiei zabalpena emateko.