Larunbatean euskaltzaleok Baionara. Euskaraz bizi nahi dugu!

Erabiltzailearen aurpegia Billabonako Ehe 2026ko urtarrilaren 29a

Euskal Herrian Euskaraz-ek mobilizazioa deitu du larunbat honetan, urtarrilaren 31n, 12:00etan Baionako Departamentuaren egoitzaren aurrean (Platanes etorbidea 4). Euskararen zapalkuntza eta euskaldunok etengabe pairatzen dugun hizkuntza eskubideen urraketa salatuko dira "Geldi euskaldunak zapaltzea!" lelopean.

Joan den irailaren 27an, Euskal Herrian Euskaraz mugimenduko lau kidek “Euskaraz bizi nahi dugu” margotu zuten Pirinio Atlantikoetako departamenduak Baionan duen egoitzan. Hala, euskaldunok jasaten dugun zapalkuntza gaitzetsi genuen, bi ideia nagusitan jarriz azpimarra: alde batetik, frantses Estatuko agintariek euskararen alde diharduten erakundeak ez dituztela ekonomikoki behar bezala laguntzen; eta, bestetik, Euskal Herrian euskara bigarren mailako hizkuntza bezala tratatzen dutela. 

Ekintza horregatik, datorren otsailaren bostean, lau militante horiek Baionako auzitegian epaituko dituzte. Euskal Herrian euskaldunok bigarren mailako herritarrak bezala tratatzen gaituztela salatzeagatik epaituko gaituzte; gure eskubideen alde borrokatzeagatik epaituko gaituzte; euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeagatik epaituko gaituzte. 

Euskararen herrian, euskara baztertua, zapaldua eta gutxietsia da eta hori, “legalki” egiten dute. Lege bidez ari dira euskara eta euskaldunak zapaltzen, egungo legedia bidegabea eta linguizida baita. Horregatik, desobedientzia eta jarrera intsumisoak indartzen jarraitzeko deia egiten dugu. Lege bidegabeei ez baitiegu obedientziarik zor!

Frantziar nahiz espainiar konstituzioen aterkipean, euskarak ez du etorkizunik; gaur egungo egoerari nahiz historiari erreparatuta argi ondoriozta genezake hori. Horregatik, Euskal Herri euskalduna eraikitze bidean, ezinbesteko ikusten dugu Euskararen Errepublika, independentzia. Baliabide propioak eta estatu burujabea behar ditugu euskara osasun beteko egoerara berrekartzeko. 

Euskal Herrian Euskarazeko dozenaka kide gaur, hemen, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren atarian bildu gara. Ez da kasualitatea hemen elkartu izana. Hain justu, espainiar eta frantziar estatuen lege linguizidak epaitegi hauen bitartez aplikatzen baitira gizartean. Euskal Herrian dauden epaitegi guztiak euskaldunontzat bidegabea den legedia aplikatzen ari dira eta horien arabera zigortzen gaituzte. Oldarraldi judizialarekin argi ikusi dugun gisan, borrokaz lortutako eskubideak, besteak beste, botere judizialetik ari dira atzera botatzen. Horregatik bildu gara gaur hemen. Gertatzen ari den guztia salatzeko, baina batez ere euskaldunak mobilizatzera deitzeko.

Izan ere, auziperatuekiko elkartasuna erakusteko eta euskaraz bizi nahi dugula masiboki adierazteko, urtarrilaren 31n, epaiketa aurreko larunbatean, mobilizazioa egingo dugu Baionan; 12:00etan, Departamentuko egoitza aitzinean. Euskaldun orori bertaratzeko deia egiten dizuegu. Mobiliza eta antola gaitezen ahalik eta jende gehien euskararen alde, justizia justu baten alde.

Euskaraz bizi nahi dugulako, Euskararen Errepublika!

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!