Abenduaren 6an euskaltzaleok Durangora, Euskararen Errepublikaren alde

Erabiltzailearen aurpegia Billabonako Ehe 2025eko azaroaren 19a

Hizkuntza- nahiz nazio-kontzientzian bizi dugun geldotze aroa eten eta indarraldirako bideari ekiteko, euskaltzaleon pizkunde berri bat behar beharrezkoa dugu. Jasaten ditugun zapalkuntzei aurre egiteko tresna independentzia, Euskararen Errepublika, dela aldarrikatzeko mobilizatuko gara euskaltzaleok Durangon. 

Euskalgintzako eragile nagusien adostasunarekin, orain urtebete iragarri genuen hizkuntza larrialdi egoeran geundela. Geroztik, urtebete pasa da eta euskaldunok antzera jarraitzen dugu, larri eta egiturazko aldaketa esanguratsurik gabe; politika publikoei erreparatuz gero, euskararen biziberritzea ez dago lehentasunen artean.

Azken bi hamarkadatan euskal komunitatearen nazio- nahiz hizkuntza- kontzientziak ahuldu egin dira, besteak beste, jasaten dugun asimilazioak eta euskara salbatuta dagoenaren uste faltsuak eraginda. Instituzioetatik, gainera, uste horren zabalpen interesatua egin izan da. Baina, ikus genezakenez, errealitatea bestelakoa da eta euskara normalizatuta egotetik urrun dago. 

Euskaldunok erlaxatuta egon garen garai berean, ordea, kontrako indarrak bizkortu eta indartu egin dira eta, jada, zenbait esparrutan atzerapausoak ematen hasiak gara. Egoeraren larritasunaren kontzientzia hartu behar dugu, berandu baino lehen. “Esnatu ala hil”, hala berretsi dute oraintsu Iñaki Iurrebasok eta Garikoitz Goikoetxeak. 

Gero eta mundu globalizatuago honetan, Euskal Herria ezin dugu ulertu gainerako herrialdeetatik eta joeretatik at dagoen lurralde gisa. Horiek eragina dute gurean eta, gaur gaurkoz, ez dator aldeko haize askorik. Krisi anizkoitzen garaia bizi dugu, non egiturazko arazo ugari azaleratu diren eta horiei irtenbide emateko alternatiba gisa marko eskuindarra lekua irabazten ari da. Hala, oro har, jarrera erreakzionario eta atzerakoiek indarra hartu dute, eta giza eskubide ugari zalantzan jartzen ari dira; hizkuntza eskubideak, kasu. 

Testuinguru horretan, euskara askapenerako eta justiziarako tresna gisa aldarrikatzen dugu, egungo sistemaren zapalkuntzak gainditzeko eta horien aurka borrokatzeko bide modura. Horregatik, euskararen aldeko borroka beste borroka askatzaileekin batera ulertzen dugu. Hala, euskaltzaleen artean azkenaldian ugaritu diren diskurtso arrazista nahiz xenofobo oro irmotasunez gaitzesten jarraituko dugu.

Euskaldun gisa erronka ugari ditugu eta horiei aurre egiteko, gabezia nabarmen bat: estatu propiorik eza. Baliabide mugatuak ditugu Euskal Herrian euskara biziberritzeko eta frantziar nahiz espainiar estatu supremazistak eta genozidak, borrokaz irabazi izan ditugun tresnak kamusten dihardute, uneoro. Horregatik, Euskal Herri euskalduna eraikitze bidean ezinbesteko ikusten dugu independentzia, Euskararen Errepublika. 

Horregatik guztiagatik, baztertzen gaituzten legediei desobedientzia zein intsumiso jarrerez erantzunez eta euskaldun izatearen harrotasunaz, orain da pizkunde berri bat hauspotzeko unea; orain da esnatzeko garaia.

Abenduaren 6an, euskaltzaleok hitzordu garrantzitsua dugu Durangon, 13:00etan, Landako gunetik hasita. Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika lelopean, Durangoko kaleak hartuko ditugu.

Gora Euskararen Errepublika! Euskal Herrian Euskaraz! 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!