Osasungintza euskalduna behingoz!

Erabiltzailearen aurpegia Billabonako Ehe 2025eko ekainaren 5a

Osasun arreta oinarrizko giza-eskubidea da, bizi-kalitatearen eta ongizatearen funtsezko zutabeetako bat. Nekez eraiki daiteke bizikidetzan eta elkarbizitzan oinarrituriko gizarte bat kalitatezko osasun arretarik gabe. 

Kalitatezko osasun arreta bermatze bidean, indarrean eta eskura dagoen ebidentzia zientifikoak argi uzten du komunikazioa gakoa dela eta, horrenbestez, gaixoak hautatutako hizkuntzan izan behar dela; edonon eta edonoiz, maila guztietan eta ahoz zein idatzizko harremanetan.

Euskal Herriari dagokionez, nahiz eta lurraldeko eremu batzuetan legezko ofizialtasuna ukatzen dioten, euskara da bertako berezko hizkuntza. Horregatik, osasun arreta euskaraz eskaini, eman eta bermatu behar da, pazienteen nahiz osasungintzako langileen eskubideak bermatuko badira. 

Hori horrela, Aintzat osasungintza euskalduntzeko mugimenduak eta Euskal Herrian Euskarazek zortzi puntutan oinarritutako manifestua prestatu dugu eta orotara, osasungintzako 501 langilek bat egin dute eskaerokin. Hain justu, ondokoak dira Euskal Herriko alderdi politikoei, sindikatuei, unibertsitateei nahiz dagokien eragileei egiten dizkiegun eskaerak:

  1. Arretaren kalitatea eta ekitatea. Bi elementu horiek dira osasun sistema publikoaren oinarriak. Zentzu horretan, osasun arreta euskaraz ematea eta jasotzea paziente euskaldunaren oinarrizko eskubidea da; hala, pazienteen nahiz osasun langileen hizkuntza-eskubideak errespetatu eta arretaren kalitatea nahiz ekitatea bermatu behar dira, edonon, edonoiz eta ahozko zein idatzizko harremanetan.
  2. Lehen mailako arreta euskaraz. Lehen mailako arreta euskaraz eskaini eta eman behar da leku guztietan. Lehentasunez eta urgentziaz UEMAko herrietatik hasita, horiek baitira euskararen arnasguneak.
  3. Euskarazko zirkuituak abiarazi. Epe laburrean, euskarazko arreta bermatzeko, UEMAko herrietatik eta lehen mailako arretatik abiatuta, euskarazko zirkuituak martxan jarri behar dira. Ospitaletako arreta espezializatua ere euskaraz emateko aukerak eta baliabideak identifikatu behar dira, arreta ospitalarioan ere euskarazko arreta bermatu dadin.
  4. Ikasketa prozesu oro euskaraz bermatu eta lehenetsi. Lanbide heziketan, unibertsitateetan, osasun arretaren formakuntza esparru guztietan eta osasun zentro zein ospitale orotan euskara bermatu eta lehenetsi behar da. Profesionalen prestakuntza hobetu behar da eta euskararen presentzia normalizatu, bai euskarazko edukiak bai euskarareriko jarrerak hobetzeko asmoz.
  5. Euskarazko arreta eskaini, gaixoak eskatzera behartu gabe. Euskal herritar ororen eskubidea da euskarazko osasun arreta jasotzea, horretarako eskaera berezirik egin beharrik gabe. Eskubide izatetik haratago, arretaren kalitatea eta ekitatea bermatzeko bide bakarra da.
  6. Historia klinikoa euskaraz lantzeko eta jasotzeko aukera bultzatu. Osasun profesionalek paziente euskaldunen historia klinikoa euskaraz landu ahal izateko baliabideak indartu eta normalizatu. 
  7. Euskaraz emandako arreta profesionala langileen Lanbide Garapenean, hala nola, ESIen ebaluaketan kontutan hartu. Ebaluazio prozesu desberdinetan, euskarazko arreta emateko gaitasuna eta gai horri buruzko formakuntza baloratu behar da.
    Arreta euskaraz emateko baliabideak sortu eta garatu. Horrek euskal gizartean elkarbizitza sustatuko luke eta nazioartean lidergoa eskuratze bidean jarriko luke osasun sistema publikoa.

Hori guztia kontuan hartuta, kalitatezko osasun arreta (euskaraz) eskatzen dugu. Bada garaia, besteak beste, kalitatearen irizpideetan oinarrituta osasun arreta euskaraz bermatzekoa. Bada garaia euskaldunak ere kontuan hartzeko eta, egun, EAEko Osasun Itunaren osaketan dihardutenei ere, eskakizun horiek berma ditzatela exijitzen diegu. Ez da herri-itunik egongo, ezta elkarbizitzarik ere, euskarazko osasun arretarik ezean. 

Hori guztia kontuan hartuta, kalitatezko osasun arreta (euskaraz) eskatzen dugu.

Osasungintza euskalduna, behingoz!

 

Euskal Herrian Euskaraz eta Aintzat mugimendua

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!