EHEk egindako deialdiak atxikimendu ugari bildu ditu Euskal Herria luze-zabalean. Euskalgintzako eragile nagusietako eta zenbait herri mugimendutako nahiz sindikatutako ordezkariak, baita Euskal Herriko hainbat norbanako esanguratsu eta ezagunek ere deialdiarekin bat egin dute azken asteetan. EHEko bozeramaileek euskararentzat eta euskaldunontzat justizia aldarrikatu eta atzerapausorik ez dutela onartuko adierazi dute; are gehiago, elkar hartuta, aurrera egiteko prest daudela adierazi zuten manifestazioa iragartzeko agerraldi publikoan.
Iazko abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunaren karietara, Euskal Herrian Euskaraz eragileko bi kide Baionako Justizia Jauregiko teilatura igo eta sarrerako horman, tinduz, “Justizia Euskararentzat” idatzi genuen. Salatu genuen, frantziar eta espainiar konstituzioen baitan, euskaldunontzat ez dagoela justiziarik; hain justu, gure eskubideak behin eta berriz zapalduz, euskaraz bizitzea ukatzen digutela. Era berean, Euskal Herrian Euskarazetik argi dugun baieztapena jarri genuen berriro ere mahai gainean: egoera hau iraultzeko ezinbesteko dugula independentzia, Euskararen Errepublika.
Desobedientzia ekintza hori gauzatu zuten bi kideak apirilaren 11n, ostiralez, epaituko dituzte. Hala, epaiketa aurreko igandean, apirilaren 6an, Baionako kaleak hartzeko deia egiten dugu; bi auziperatuekiko elkartasuna adieraztetik haratago, euskararentzat eta euskaldunontzat benetako justizia aldarrikatzeko. Alegia, Euskal Herri osoan euskara ofiziala izan dadila aldarrikatzeko; hezkuntza euskalduna aldarrikatzeko; euskaraz epaituak izateko eskubidea dugula aldarrikatzeko; euskalgintzara dirulaguntza publiko gehiago bideratzea aldarrikatzeko etab. luze bat. Finean, euskaraz eroso eta aske bizitzeko eskubidea aldarrikatuko dugu.
EHEtik uste dugu une erabakiorra dela egungoa. Orain hilabete gutxi, Euskalgintzaren Kontseiluak ohartarazi zuen modura, larrialdi egoeran gaude eta indar ugari ditugu kontrara. Hasteko, oldarraldi judizial, politiko eta mediatiko bortitz bat, urteetako borrokari esker lortutako eskubideetan atzerapausoak eragin nahian. Hori guztia, oldarraldi orokorrago baten baitan ari da gertatzen; hain justu, jarrera faxisten eta eskuin muturrekoen gorakadaren testuinguruan. Horren adibide da, orain egun gutxi, Tolosan (Gipuzkoa), Renfe enpresako segurtasun-agente batek EHEko kide bati egindako eraso euskarafoboa. Bestetik, gero eta mundu globalizatuagoan bizi gara, non, merkatu logika kapitalista nahiz kontsumista nagusitzen den eta homogeneizazio prozesuak ikaragarri bizkortu diren; zuzenean, hizkuntza gutxiagotu oro kaltetuz.
Alarmak jo ditugu eta, orain, egoera bideratzeko neurriko erantzunak behar dira; norbanakook eta eragileok ez ezik, instituzioek eman beharrekoak. Euskara lehen lerrora ekarri behar dugu eta zapalkuntzarik gabeko gizarte baten alde lanean dihardugunontzat tresna ezinbesteko bilakatu. Maila guztietan, ardurak hartzeko eta exijitzeko unea da.
Euskal Herriko hainbat elkartek eta norbanako euskaltzalek lanean dihardugu gure egunerokoan, eta gure esparrutik, euskararen alde. Amesten dugun Euskal Herri euskaldun hori eraikitzen jarraituko dugu eta argi izan dezatela, euskaldunon aurkako eraso bakoitzaren aurrean, herri oso bat izango dutela parez pare. Horregatik, apirilaren 6an, euskaltzaleoi dei egiten dizuegu Baionako kaleak betetzera eta euskarak hain beharrezko duen olatu berria indartzera.
Gora Euskal Herri euskalduna!
Justizia euskararentzat!