Euskaldunon aurkako erasorik ez! Ostegunean elkarretaratzea Tolosako tren geltokian

Erabiltzailearen aurpegia Billabonako EHE 2025eko martxoaren 11

Pasa den igandean Renfeko segurtasun agente batek, EHEko kideak diren bi gazte euskaltzale mehatxatu eta erasotu zituen Tolosako tren geltokian, euskaraz hitz egitea eskatze hutsagatik. Eraso honi erantzuteko elkarretaratzea deitu du EHEk:

  • Martxoak 13 osteguna
    19:00etan
    Tolosako tren geltokiaren aurrealdean

Euskal Herrian Euskaraz-etik eraso euskarafobiko honi, eta Euskal Herrian gertatzen diren guztiei erantzun sendoa ematera deitzen ditugu herritar euskaldun eta euskaltzale guztiak. Euskararen eta euskaraz bizi nahi dugunon aurkako erasoak biderkatzen ari diren honetan, harrotasunez eta tinkotasunez erantzun behar dugu, kaleetan mobilizatuz eta euskararen etsaiak nortzuk diren agerian utziz. Tamalez oraindik euskaldunok ezinbestekoa dugu gure autodefentsa.

Dirudienez Renfeko segurtasun agenteak Tolosan egindako erasoak ez du inolako ondoriorik izan eta hori onartezina da. Ekintza euskarafoboen inpunitatearekin amaitu beharra dago eta EHEtik gure eskuetan dagoen guztia egiteko prest gaude horretarako.

Ez gaituzke kokilduko, euskaldunak gara, euskaraz bizi nahi dugu eta inposatzaile erdaldun euskarafoboen gorrotoari hortzak erakutsiko dizkiogu!

Ostegunean 19:00etan, zatoz gurekin Tolosako tren geltokira!

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!