Badator Euskaldunon Harrotze Astea!

Erabiltzailearen aurpegia Billabonako Ehe 2024ko api. 15a, 15:25

Apirilaren 22tik 28ra Euskaldunon Harrotze Astea garatuko du Euskal Herrian Euskarazek Euskal Herri osoan zehar. Billabonan ere islada izango du ekimen honek. 

Honakoa, pertsona eta eragile euskaltzaleek kaleak berreskuratzeko ekimen nazionala da eta euskaltzale guztiak gonbidatzen ditugu modu batera edo bestera parte hartzera. Gure hizkuntza eskubideak kalera eramateko eta euskararen aldeko borrokak berpizteko aukera bat da honakoa, pedagogia eta kontzientziazio lan kolektibo bat. Horren bidez, euskaldunok kolektiboki harrotzeko aukera bat eskaini nahi izan dugu EHEtik.

Gure kaleetako hizkuntza paisaiaren erabateko euskalduntzea eragin nahi dugu modu zuzen eta aldarrikatzaile batetik. Horretarako herriz-herri poteo musikatuak, desfileak, ekintza sinbolikoak, elkarretaratzeak edota kanpaina zehatzak antolatzen ari da EHE. Mediku euskaldunak eskatzeko, euskarazko eskola edota lerroak sortzeko, erakundeen aldetik arreta euskaraz jasotzeko eta euskarazko aisialdi-eskaintza sortzeko edo handitzeko, adibidez. Helburua ahalik eta eremu gehienetara iristea izango da.

Asmoa da astebetean aktibatu eta kontzentratzea euskararen aldeko borroka guztiak, eta horrek efektu motibatzaile bat sortzea, ahalduntze kolektibo bat eraginez.

Billabonan ere hainbat esparru ikusgarritan erdara nagusitzen ardi dela ikusten ari gara, euskararen kaltean: ostalaritzan, errotuluetan, publizitatean, kalean ezartzen diren hainbat seinaletan etab. Horren aurrean, erantzun bat emateko hautua egin dugu eta Harrotze Astea baliatuko dugu euskara baztertzen duten kartel, errotulu edo dena delakoak, ez ditugula onartzen argi eta garbi ikustarazteko. 

Harrotze Astean zehar, Billabonan egingo ditugun ekimenen berri emango dugu eta horiekin aldarrikatu nahi duguna azalduko dugu publikoki #EuskarazTaHarro traola erabiliz.

Euskararen kontrako oldarraldiarekin azken urteetan zapalkuntza ageriago gelditu da eta horren aurrean ikusi da erantzun eta harrotze baten premia. Euskararen aldeko mugimendua azkenaldian zuzentasunean dago sartuta, instituzioekin harremanak lantzen, adostasun sozial zabala bilatzen. Hori ezinbestekoa da, baina ezin dugu ahaztu euskarak kalea ere behar duela. Euskaldunok zapalduak garen heinean horren kontzientzia hartu behar dugu, aldarrikatu eta garbi hitz egin behar dugu ditugun bizipenez eta premiez.

Ekintzarako deia da, hortaz, heldu den astelehenean, gaur zortzi, hasiko den Euskararen Harrotze Astea, eta parte hartzeko modu ezberdinak egongo dira, pertsona adina modu. Adi egon zaitez Euskal Herrian Euskarazen sareei, seguru ezuste ederrak aurkituko dituzula.

Harrotasunez, euskaraz bizi!

 

Billabonako Euskal Herrian Euskaraz

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!