Badator 2016ko Euskaraz Bizi Eguna

Erabiltzailearen aurpegia Billabonako Ehe 2016ko apirilaren 6a

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimenduko eragile euskaltzaleak 7. Euskaraz Bizi Eguna antolatu du, eta datorren apirilaren 16an Baionan izango da zita. 

Euskal Herrian Euskaraz-eko hiru talde sortu dira azken urteotan Lapurdin, eta horiei bultzada eman nahi diegu egunarekin. Herri euskaldunari zuzendu gatzaizkio euskaldun izatearen harrotasuna erakutsi eta, espaloitik jaitsi gabe, euskaraz bizitzeko hautua egin dezagun euskaldunok.

Mendeetako zapalkuntzak gugan sortu dituen ustezko errespetuzko jokabide sumisoak gainditzera deitu dugu norbanakoa, euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasatzeko, geldirik dagoena ez baitoa inora.

EGUNEKO EGITARAUA: Herri eragileekin elkarlanean antolatu dute apirilaren 16ko ospakizuna.

Goizean goizetik artisau eta eragileen azoka egongo da, eta baita ere umeentzako txokoa, Porrotxen presentziarekin. Behatokiak eta Kontseiluak, aldiz, #Akuilari tailerra eskainiko dute.

Ondotik, herri bazkaria eta kantaldia egingo dute Erramun Martikorenarekin, eta, arratsaldean, kalejira koloretsu batekin hartuko dituzte Lapurdiko hiriburuko kaleak.

Jarraian, bertso poteoa egingo dute Xumai Murua eta Ortzi Idoaterekin eta elektrotxarangak lagunduta, eta kontzertuekin emango diote amaiera egunari: Torii, Sorkun eta DJak.

Billabonako EHEtik bertaratu eta egun honetako ekimenetan parte hartzeko deialdia luzatu nahi diegu Tolosaldeko euskaltzale guztiei, anima zaitezte Euskaraz Bizi Egunera!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!