Lehenik eta behin gure elkartasuna eta besarkadarik handiena elarazi nahi diogu Andina Reges Pereiraren familiari, lagun eta inguru guztiari.
Indarkeria sexista emakume izateagatik jasaten dugun indarkeria da; baina emakumeon bizitzak bizi garen sistema sexista, klasista eta arrazista honetan ez dute berdin balio.
Emakumeok indarkeria sexista jasateko arriskua badugu, jatorriak, azalaren koloreak eta klase sozialak are eta gehiago larriagotzen du indarkeria jasateko aukera. Mungian eraildako emakumea, etorkina zela azpimarratzea garrantzitsua deritsogu beraz.
Ezin dugu hitz egin indarkeria sexistaz modu bakar eta isolatu batean. Indarkeria sexistak mila aurpegi, mila ahots, mila adierazteko forma eta esparru ditu; hemen, Euskal Herrian eta baita mundu osoan ere.
Emakumeon aurkako indarkeriak ez du mugarik, bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna da, eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak bizirauteko eta mantentzeko erabiltzen duen baliabidea izanik.
Horregatik, indarkeria sexistak lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala izaten jarraitzen du; ez direlako modu isolatuan eta bakartuan ematen diren erasoak; baizik eta bizi garen jendartearen antolaketa sexistak ahalbidetzen eta sustatzen duen indarkeria baizik.
Bada garaia indarkeria sexistarekin behingoz amaitzeko, baina honetarako borondate politikoa behar da eta argazkietatik ekintzetara salto egitea. Izan ere, besteak bestea erailketa sexistak gertatzen dira, instituzioek egoera honi duen dimentsio politikoa ukatzen jarraitzen diotelako eta neurri eraginkorrak martxen ipintzen ez dituztelako.
Nahiko da, egoera honekin nazkatuak gaude, bakoitzak gure esparruetatik eta eraginguneetatik emakumeonganako indarkeriarekin amaitzeko pausoak eman behar ditugu.