Poetak zioen bezala, bukatu da, seakabo

Erabiltzailearen aurpegia Bi Bala Taldea 2016ko martxoaren 23a

Ia 24 orduko bidaiaren ostean, 6 egunetan guztira 5 kontzertu jo ditugu. Hamaika ordu Tokioko metroan aurrera eta atzera, kilometroak oinez instrumentuak bizkarrean, … Hainbeste bidaiatuta uste genuen pasatzen ari zitzaigula, baina ez, … nazionalismorik ez zaigu sendatu.

Tokiotarrei dagokienez, … zer nahi duzue esatea, … Erantzun baino galdera gehiagorekin gatoz bueltan. Beste 15 urte beharko genituzke zenbait portaera ulertzen hasteko, (bai beraiek ere gureak!) baina gertutik ezagutu ditugunen eskuzabaltasun, umore eta umiltasunarekin gelditzen gara.

Zortekoak izan garela aitortu beharrean gaude. Shogo Komiyamak dena primeran antolatuta izan du lehen unetik. Japonian denbora eta espazioa ez dira fisika kontuak: denbora eta espazioa dirua dira hemen. Kaskezurrean sartuta dute, eta puntualtasuna ere hortik datorkie. Denbora ondo aprobetxatu dugun sentipenarekin hartuko dugu bueltako hegazkina. Ez dugu alferrikako pauso handiegirik eman.

Argazkietan agertu ezin den oroitzapen mordoa daramagu geurekin etxera. Bihar aireportuan maletak fakturatzerako garaian pisuan sartuko gara noski, baina bizipenetan motxila ondo kargaturik goaz. Arigato guztioi.

Ah! Eta arigato Tolosaldeko Ataria-ri ere txoko honetan gure ibilien berri emateko aukera emateagatik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!