Ez dakigu guzti honek zer eragin izango duen gure etxerako bidean, baina atzerrian hegaldiz-hegaldi gabiltzalako edo, bereziki eragin digute internetez tantaka iritsi zaizkigun irudi gordinek.
Zorionez, Japoniak bereizgarririk baldin badu, hori segurtasuna da. Eta ez poliziaz josirik daudelako kale bazterrak, kaleetan ezeren arriskurik antzematen ez dugulako baizik. Badira mafia japoniarraren kontuak, baina gu hemen ez gabiltza eskuak poltsiko banatan sartuta, lau sos edo sakelako mugikorrak lapurtuko dizkiguten beldurrez. Kontrakoa. Ziur gaude Tokio erdialdeko eserleku batean gure diru-poltsa utziko bagenu, handik ordubetera toki berean legokeela.
Segurtasuna. Horixe da kontzertuz kontzertu gure buruarekiko irabazi duguna. Zeinek esan behar zigun duela astebete, dagoeneko gure bosgarren eta azken kontzertua emango genuenik Shibuya auzoko Roots tabernan.
Inguruko sushi jatetxe bat hustuta iritsi gara gure azken geltokira. Azken orduko gorabehera batzuk tarteko, talde askoko jaialdi izan behar zuen gaurkoak, baina azkenik gure emanaldi akustikoarekin hasi eta bukatuko da gaurko jarduna. Konban ua, beraz.
Ordu erdi pasatxo eta guztira dozenerdi kantu besterik ez dira izan, baina kontzertua azken sushi zatia bezain bigun eta goxo atera zaigun sentipenarekin eman dizkiegu eskerrak bertaratu diren lagunei. Hain justu ere, lagun artean amaitu baitugu gure bira: Shogo eta Txako, Cafe Lavanderiako lagunak, Oreka TX-eko Mikel eta Arkaitz,… ondoan genituela. Arigato guztioi!
Instrumentuak jasotzerakoan zerbait ahaztezina amaitzen ari den sentsazioa izan dugu. Baina ez. Gitarra eta baxua zorroan sartuta geratuko diren arren, bihar hara eta hona ibiltzeko beste egun bat oparituko digu Tokiok. Entzuleek “beste bat! beste bat” eskatzen dutenean bezala.