Munstro artean

Erabiltzailearen aurpegia Bi Bala Taldea 2016ko mar. 21a, 16:53

Bosgarren eguna nahi baino beranduago hasi dugu. Bezperako eguneko nekea, biharamuneko logurea nonbait, eta espabilatu garenerako goiza ondo aurreratuta aurkitu dugu.

Goizerako beste asmo bat genuen, baina Shukugawara auzo ingurutik bueltaxka bat emateko aprobetxatu dugu. Tenplu zahar bat ikusi dugu erreka bazterrean, eta bertako interpretazio-zentru batean ere kontu batzuk entzuteko denbora eman digu. Shogo lagunaren etxean bazkaldu, eta eguneroko errutina: trena hartu eta kontzertu-aretora.

Shinkuju-n zen gaurko hitzordua, larunbatean bezala, baina aurreko egunekotik nahiko urruti. Hemengo distantziak, pentsatuko duzuen bezala, ez dira Villabonatik Alegira artekoak. Auzo batean milioika pertsona bizi eta mugitzen dira egunero. Gaur bisitatu dugun ingurua nahiko mugitua da: jende asko, argi asko eta dendak nonahi. Kontsumora emana erabat. Eta dendak, edozein modutakoa edozein klasetakoaren ondoan. Streaptease eta voyeurismora emanak, zopa-jatetxeen aldamenean. Harrigarria.

Bestalde, Godzila munstro zinematografikoa ere ikusi dugu, baita Fast and Furious-en bolumenetako bat grabatu zuten lekua ere. Hala ere, munstrorik handienak taula gainean aurkitu ditugu gaur.

Marble aretoan izan gara gaurkoan, beste hainbat talderekin batera. Orain arteko kontzertuetan reggae, ska eta kunbia doinuak entzun baditugu nagusiki, gaurko festibalean beste ere bateko musikaz gozatzeko aukera izan dugu. Benetako munstro musikalak. Kantautoretik gehiago zutenak, post-funkera hurblitzen zirenak… eta azkenak geroni.

Gure aurreko taldeak pabeloia nahiko altu utzita, gogotsu igo gara oholtzara, derrigorrean. Aurreko egunetan baino giro beroagoa sumatu dugu: beroa baino, mugituagoa. Geu ere kutsatu gaitu giroak, eta orduerdiko emanaldia eta gero, publikoa kamerinoetaraino hurbiltzea ere lortu dugu.

Esker ona egiazkoa dutela konturatu gara. Munstro batzuk, japoniarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!