Bazkalostean hasten diren kontzertu edo bestelako jaiak gauerdi aldera bitartean luzatzen dira eta gero denak etxera; batzuk zintzo demonio eta beste batzuk lan handiekin, trenez etxerako bidean ikusi ahal izan dugun bezala.
Shibuya aldera abiatu gara eguerdi alderako. Tokioko erdigune nagusietako bat da Shibuya. Tren geltokitik atera orduko jabetu gara horretaz. Jendea lepo bazter guztietan eta publizitate kartel argitsuz beteriko eraikin handiak. Eta Shibuyan dago munduko oinezkoen pasabiderik jendetsuena. Hala entzuna genuen etorri aurretik eta hori baieztatu ahal izan dugu bertara joan garenean. Semaforoak kolore berdea hartzen duen aldi bakoitzean 6000 eta 8000 pertsona inguruk zeharkatzen du errepidea norabide guztietan. Ikustekoa da, benetan.
Bidegurutzera joaterako ikusiak genituen gaurko Udagawa Cafeko jaialdian parte hartzekoak ginen sei musika taldeetakk biren kontzertuak. 15:00etan hasi da jaialdia eta reggae eta ska-punk estiloak jorratu dituzte lehen bi talde horiek. Estiloz erabat aldatu eta talde instrumental bat izan da hurrena. Eta ondoren gu. Aurreko taldeen eraginez edo, gure kanturik lasaienetakoak jo ditugu baina gustura aritu gara. Ondoren berriz ere reggae-ska doinuak eskaini dituen talde bat izan dugu eta azkenerako, goi mailako soula eta funkya eskaini dituen banda bikain batek jarri dio errematea arratsaldeari. Eta noski, tartean zazpi djren saioak izan dira, taldeen aldaketa tarteak girotzeko.
Bihar laugarren kontzertua izango dugu. Shinjuku auzoko Marble aretoan ariko gara eta astelehena izanagatik, berriz ere talde eta dj koadrila ederra elkartuko gara. Tokion ikusteko ere gauza asko omen dago oraindik eta goiza horretarako aprobetxatzeko asmoa dugu. Beraz, bihar biharkoak!!