'Xeoxe'-ren lurraldea

Erabiltzailearen aurpegia Bi Bala Taldea 2016ko mar. 18a, 17:40

Ez, “Xeoxe” ez da izen japoniar bat. Gaur konturatu gara hemen mundu bat dagoela, baina mundu osoa zati txikitan. Denetarik dago, baina denetarik “xeoxe”. Dendatara sartu, eta produktu bakoitzetik “xeoxe”. Kalean, denetariko jendea, baina ez talde handirik. Hor ere “xeoxe”.

Goizean behar den adina atseden hartu ondoren indarberrituta jaiki gara, atzoko pasara pasata. Goizean bueltatxo bat eman dugu erreka-ondo batetik, bertako ekoizleen azokatxo eta gereziondo artean. Tenplu shintoista batean etorri-berrien errituala egin eta Japoniari gure zintzotasuna erakutsi ondoren, bazkari-pasara jo eta “Daisy Bar”-erantz abiatu gara trenez, Shimokitazawa auzorantz. Auzo bizi eta koloretsua da, dendatxo ugari eta dendatzar bat edo beste ere badituena. 15:00etarako iritsi eta nahiko azkar egin dugu soinu proba.

Handik kontzertuak hasi bitartekoa dendatxoetan saltsan aritzeko izan dugu. Etxerako “xeoxe” erosi, produktu benetan kuriosoen artean aukeratu ostean, eta kontzertu-aretora berriz ere. 18:30ean ateak zabaldu eta 23:00etan itxi dituzte. Bitarte horretan, lau musika-taldek eta hiru DJ-ek egin dugu gurea. Lau ordutan bederatzi emanaldi, guztira. Guk ere “xeoxe” jo dugula, alegia. Hala ere, oholtzan izan garen berrogei minututan hamar kanta jotzen majo gozatu dugu. Lehen kontaktua oso balekoa, publiko japoniarraren aurrean, esker oneko jendea. Oraindik ez dakiguna, heziketagatik edo benetan gustatu zaielako den. “Xeoxe” gehixeago jo beharko dugu hurrengo egunetan, zergatik ote den benetan jakiteko. Hurrengo aukera, bihar bertan: Shinjuku auzoko “Cafe Lavanderian”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!