Mundu tradizionala eta mundu modernoa, Larraulen

Erabiltzailearen aurpegia Bertsozale Elkartea 2023ko abu. 5a, 16:00

Larraulgo txandarekin bukatu dira 2023ko Bertso Udalekuak. 13-15 urte arteko gazteak elkartu dira Larraulgo aterpetxean.

Larraulgo aterpetxean 7 eguneko egonaldia amaitu berri dute 13-15 urteko 48 gaztek. Egun denei lotura eman dien gaia, umore eta erronka tonuan bi talde sortzeko baliatu dutena, “tradizionalak” eta “modernoak” izan dira. Udalekura bixitan etorri ziren bertsolariak ere halaxe sartu ziren: Amaia Agirre patinete elektrikoan eta Aissa Intxausti karretila gainean. Bi bertsolariei euren bizitzako sekretu guztiak elkarrizketan atera eta jolasean aritu ostean, saio ederra eskaini zuten, udalekuko gazteekin batera.

Eguneroko zoro-perian, bertsoa bezala egin dituzte petxuko-rapak eta jotak, antzerki laburrak, sormen txokoak (idazketa, gorputz adierazpena, arte plastikoak lantzeko). Izan dira Asteasuko igerilekuan, eta Zizurkilen, bertako bertsolaria den Unai Mendizabalen eskutik Plazida Otaño eta Pedro Mari Otaño bertsolarien bizitzak ezagutu eta bertso esanguratsuenak abesteko, triki poteoan. Desberdintasun sozialak landu dituzte “Eguna eta gaua” dinamikaren bidez eta gaubela ederrak izan dira “sardinak latan” ezkutaketa jolas bitxia eta erlautza edo “Among us” rol jokoa. Baina gaubelarik onena, gauero, gaubela ofiziala amaitzean gazteek aretoan auto-antolatzen zuten “First dates” txutxumutxu saioa izaten zen...

Txandako eslogana, berriz, esaldi hauxe bilakatu da (misterio kluedoan apaizak oihukatzen zuena): “Jainkua, Jainkua… bakarra ta nahikua!”

Hormona eferbeszentziaren aterpetxean, lantalde ederra osatu duten hezitzaileak izan dira Garazi Navarro, Aner Peritz, Aroa Arrizubieta, Beñat Astiz, Maider Altuna, Alaitz Barandiaran, Garikoitz Arexolaleiba, Izaro Ibarguren, Maddi Zabalo eta Mikel Iturriotz.

2023ko Bertso Udalekuak

Uztailaren 8an hasi ziren aurtengo Bertso Udalekuak Amaiurren. Ondoren txandaz txanda elkartu dira bertsozale gazteak Irañetan, Zuhatzan eta Larraulen. Aurten guztira 194 partaide izan dira.

Bertsozale Elkarteak antolatzen ditu Bertso Udalekuak, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin eta Irizarren laguntzarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!