Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna ospatuko da igandean Tolosan

Erabiltzailearen aurpegia Bertsozale Elkartea 2018ko maiatzaren 4a

Egun osoko festa izango dute Gipuzkoako bertso eskoletan ari diren gazteek: kalejira, diziplina anitzetako ikuskizun eta tailerrak eta bazkaria, besteak beste.

Gipuzkoan Bertso Eskolen Eguna ospatuko da igande honetan. Bertso eskolan ari diren gazteek elkar ezagutzeko aukera izan dezaten eta klasean landutakoa osatze aldera egun osoko festa izango da.

Aurtengoan Tolosan ospatuko da Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna, igande honetan. Egun osoko egitaraua izango dute bertaratzen direnek.

Goizeko 11:00etan Triangulo plazan elkartuko dira gazteak, kamisetak banatu eta taldeko argazkia ateratzeko.

11:30ean hasi eta bazkalordura arte kalejiran ibiliko dira Tolosako Alde Zaharrean, Bonberenea Txarangaren laguntzaz. Tartean, geldialdiak egingo dituzte eta ikuskizun ezberdinak izango dituzte: antzerkia, kantaldia, bakarrizketa eta bertso-saioa.

Kalejira bukatutakoan bazkaria egingo dute Zerkausian, eta bazkalostean diziplina anitzetako tailerrak izango dira: antzerkia, bertso musikatuak, kontalaritza, bat-bateko bertsogintza eta eskulanak.

Arratsaldeko 16:00etan izango dute ekitaldi nagusia Zerkausian. Eta ekitaldia bukatzean etxerako autobusak zain izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!