Batzuk kasualitateetan sinesten dute; askok, gertatzen den guztia zerbaitengatik gertatzen dela diote. Zail da pentsaera horiei aurka egitea Lapridarekin gertatu zaiguna ikusita. La Platan hasi zen guztia, bertsopolita saioaren osteko asadoan: baginen berrogeita hamar lagun afarian, baina Lapridako emakume baten ondoan esertzea tokatu zen. Ikuskizunarekin pozik, bere herrian ere hartu nahiko gintuzkeela azaldu zigun. Guk ibilbidea itxita genuela aipatzen genion eta berak zehatzago galdetu; guk bidaia luzea genuela jakinarazi genion eta berak bidea ezagutu nahi. Azkenean, berak gu Lapridara joatea lortu zuen eta guk hamahiru orduko bidaiaren erdian atseden egun bat. Kasualitate hutsez. Gogo biziz sumatu genuen telefonozko harremanetan geroztik, gure emanaldiaren inguruko iragarkiak prestatzen (irratiz eta telebistaz ere iragarri zuten!).
Auto bidaia luze baten ostean iritsi ginen 'Gure echea' izeneko arrantxora, umeetan film idilikoetan ageri ziren horien modukoa. Denontzako ohea antolatu zigun segituan eta euskal etxetik pasata, herriko pilota klubera gerturatu ginen. Zain zeuden atarian haur batzuk, eskuzko pilotarekiko jakin-minez. Pilotarien ondotik urrundu nahi ezik eta pilotarien gogoz, jatetxean bertan ekin zieten takoen prestaketei gerturatu ziren ikusleen gozamenerako. Minutu gutxian zituzten inguruan haur mordoa, pilotazale koadrila eta baita telebista ere!
Pilotariak hain gertutik ezagututa, berez izan zen beroa partida. Trinketak bete itxura hartu zuen, ehun lagun ingururekin (batzuk 60 kilometrora zegoen herritik etorriak). Oso adi jarraitu zituzten bertsoak ulertu ez arren eta gogoz txalotu zituzten bertsoak zein itzulpenak. Emaitzarekin oso pozik eta gehiagorako gogoz geratu zen jendea, eta pilotaren larru etenak agertu zuen ondoen partidaren bizitasuna.
Afaria euskal etxean prestatu ziguten eta eraikinera sartu bezalaxe ikusi genuen "Biblioteca - Liburutegui: Magdalena MOUJÁN OTAÑO". Zuzendariarengana jo genuen galdera zuzenarekin, ea zerikusirik ba ote zuen Pello Mari Otaño bertsolariarekin. Biloba zela jakin genuen momentuan eta fisikari handi izateaz gain idazle ere bazela kontatu ziguten, euskal etxearen sorkuntzatik bertatik hartu zuela parte eta haren ekarpen handiari esker onez jarri ziotela izena liburutegiari.
Batzuetan kasualitatea dirudienak piezak bere tokira ekartzen ditu. Guk, kasualitate horri esker, ametsetako arrantxo batean atseden hartzeaz gain, beste euskal etxe batekin harremana egiteaz gain, beste Otañotar baten figura ezagutu genuen. Kasualitateek planifikatua gainditzen dute askotan, zorionez.
Oihana Iguaran