Bertsopilota, Aberri Eguna eta Korrika

Necochean askorako eman digute hiru egunek; eskaintzera gentozen, baina asko jaso dugu. Euren egitarauetan parte hartuz gurea ere ezagutu dugu. Emozioz betetako egun batez utziko dugu Bahia Blancara abiatzeko.

Alokatutako furgonetan iritsi ginen Necocheara, nahi baino beranduago. Gaua izanagatik, harrituta utzi gintuen gure zain aurkitu genuen koadrilak, gazte asko, afari-mokadua prest eta gogoa, gogo handia. Ezinbestean luzatu zen lehen gaua, leher eginda iritsi arren.

Geroztik beste bi gau elkarbanatu ditugu euskal etxeko jendearekin eta herria ezagutzeko aukera ere izan dugu. Lehen egunean deskantsurako denbora genuenez, hondartzara gerturatu eta itsaso-lehoiak ezagutu ostean bainu bat hartu genuen. Atzo, Korrika zuten ospatzekoa baina euria ari zuenez bertan behera utzi zuten eta guk herriko beste gune batzuk ezagutzeko aprobetxatu genuen.

Iluntzean heldu zen Bertsopilota eskaintzeko ordua. Aurreko bi egunetan jendearekin egindako tratua medio, sekula baino beroago sumatu ziren harmailak trinketetik eta pilotariek motibazio handiz jokatu zuten tanto bakoitza. Oso saio bizia joan zen nola pilotan hala bertsotan, apenas itzulpen beharrik gabe (ikusleen arteko euskaldunei esker). Piztutako garrarekin pozik, afari batean bildu zen euskal etxeko jendea ospakizun giroan eta euskal kantu eta trikiti doinuekin abiatu zen gaua.

Gaur, azken eguna izanda ere atera diogu zukua, Aberri Eguna ospatzen baitute eta atzo Korrika egin ez zenez, bat egin dute bi egitarauek. Gernikako arbolaren kimutik sortutako haritzean elkartu gara, mezaren osteko lore-eskaintza eta aurreskurako. Aberri Eguneko ospakizun formalari jarraipena emateko, Korrika abiatu da bertan, euskal etxeraino. Emozio handiz egin dugu korri euren ondoan, momentu horrekin luze oroituko garela jakitun.

Pena handiz agurtu dugu bertako jendea eta sentipen nahasiekin utziko dugu herria, jaso dugun guztiagatik oso pozik gaudelako eta aldi berean itzultzeko zinak bakarrik arintzen digulako agurra. Zail da digeritu gabe ditugun momentu hauen balorazioa egiten baina arrisku handirik gabe esan dezakegu aurkitu dugun euskal etxe aktiboena dela Necocheakoa, nahiz jakin asteburua izateak eragin handia izan duela (astean zehar hiriburuan edo La Platan dauden gazteak bertan izan baititugu).

Euskara eta euskal izaera bizi-bizirik sumatu ditugu, harrigarria bada ere ia euskara hutsean pasa ditugulako hiru egun eurekin (hitz egiten ez duten askok ulertu behintzat egiten baitute) eta hizkuntza menperatzen ez duten guztiek ondo ezagutzen dutelako musika, dantza edo kulturari lotutakoa (eta kultura diogu, ez folklore hutsa). Agian Hator hona programa autogestionatuak badu zerikusia, Euskal Herriko gazteek bertan egonaldiak egiten baitituzte dakiten hori irakatsiz euskal etxean. Ez dira hamar urte izango bertako dantza taldeak Villabonan emanaldia eskaini zuela!

Pixkanaka handitzen joan den eraikina du euskal etxeak Necochean, baina mugimendua handitu heinean zabaldua. Eraikina azken batean oskola baino ez da, eta hemen mamia gogoz ari da lanean egunez egun, belaunaldien arteko transmisioa ziurtatzeko eta euskaraz bizitzeko. Nork esan behar zigun guri Argentinan Euskal Herrian baino euskarazko musika gehiago entzun behar genuenik!

 

Oihana Iguaran

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!