La Plata izan dugu bigarren geltokia gure bidean, hirugarren euskal etxea ezagutzeko: Euzko Etxea. Zerk egiten du eraikin bat etxe, ez bada bertako jendeak? Horixe da lehen harreratik nabarmen sentitu duguna, jendearen goxotasuna, borondatea eta gainera, ilusioa.
Pilota hotsa sumatu genuen euskal etxera sartu orduko, trinketean ari zen laukoteak eragina. "Ni jokatzera nentorren, baina gaur ere itxaron egin behar, ilara dago" esan zigun Juanchi-k argentinar hotsezko euskara ederrean. Eraikinari bisita azkar bat egin eta jendea agurtu ostean, emanaldirako prestaketei ekin genien antolatzaileek gaueko asadorako txingarra goritu bitartean.
Bero hartu gintuen jendeak trinketean, gogo-biziz. Gu giroaren mailako ikuskizuna eskaintzen ahalegindu ginen, noski. Kasu honetan, euskara eskola aktiboei esker, ez genuen hasierako eta amaierako agurrez gain bertsorik itzuli, euskara ulertzen zutenak ingurukoei itzultzeko konplize bihurtuta. Pilotariek, aldiz, hitzen beharrik gabe konektatu zuten lehen saketik publikoarekin eta txalo-hotsei animo burrunba gehitzen zitzaien behin eta berriz. Gorriak gailendu zitzaizkien berdeei hiru tantoren aldeaz eta Urdaira sagardo botila eta Gaztañaditxulo gazta zozkatu genituen, aldiro egiten dugun moduan.
Ikuskizuna ez zen partidarekin amaitu ordea, jendeak pilotarien eskuak miatu nahi baitzituen esku hutsez joka zitekeela sinetsi ezinda. Azkenean, partidu inprobisatu bat sortu zen pilota euren eskutan probatu nahi zutenen artean, afal aurretik.
40 lagun inguru animatu ziren afari herrikoira, eta haragi zati eta zati artean elkar hobeto ezagutzeko aukera izan genuen. Gure ibilbidearen berri ematen ari ginela, afaltiar batek aipatu zigun gure azken bidaia luzeegia zela egun bakarrean egiteko eta hobe genuela erdibidean geratu asteden hartzeko. Hara non, bat-batean Laprida izeneko herria tartean zela ohartu, hango euskal etxeko harremana lotu eta beste emanaldi bat gehiago lotu genuen, espero gabe. Beste geldialdi bat gehitu zaio bideari, beraz.
Eraikina etxe egiten duen jende horrek hartu gintuen euren etxeetan lotan eta taldea lehen aldiz bereizi arren, bertako jendea hobeto ezagutzeko aukera paregabea eskaini digu esperientziak, euren borondate ona agertzeaz gain.
Atzo, goiza libre izanik, hiria ikusteko baliatu genuen eta arratsaldean bertako irratiari elkarrizketa labur bat eskaini ostean (ALTAVOZ irratiko 'Raíces Vascas' saiorako), 'Mundu bat ahoz aho' dokumentala eskaini genuen aretoan, 20 bat lagunen gozagarri. Bertaratuek Beñat Gaztelumendi zuzendariaren ahotik jaso ahal izan zuten proiektuaren berri eta dokumentalari esker bertsogintzaz sakonago ere aritu ginen, jendearen jakin-mina ase nahian.
Eurak gehiagorako gogoz geratu direla esanez agurtu ditugu eta gu ere halaxe goaz, Euzko etxeaz baino Euzko jendeaz gehiago gogoratuko garela jakinda.
Oihana Iguaran