Lehen bertsopilota

Laurak bat Euskal Etxean estreinatu da Bertsopilota Argentinan. Plaza Euskara izeneko eta 1882an eraikitako trinketean.

Horizontalean lo egitearen ederra gogoratu eta segituan jarri gara martxan, goizean libre genituen ordu apurrak Buenos Airesez betetzeko. Euriak atsedenik eman ez arren, hiriko auzo “canalla”ra jo dugu, Bocara. Futbol-aleek Bomboneraren kabi moduan izango dute ezagun, guk giroagatik gogoratuko dugu. Caminitoko kale koloretsuak zeharkatu eta ezinbestean probatu beharreko horietako taberna batean amaitu dugu, bertako jendearekin kontutan, Boca egiten duen hori ulertuz.
Bazkalostean, lanerako prestatu eta oraindik aktibo dagoen Euskal Etxe zaharrenera jo dugu, Bertsopilota ikuskizuna eskaintzeko. 140 urte daramatza Laurak-bat eskal etxeak martxan eta eraikin dotore askoa daukate egun, hiriaren erdigunean. Plaza Euskara izendatutako trinketea dute bertan, 1882. urtean eraikia. Euskara, ordea, ez da trinketea bezain ondo mantendu eta lehenengoz gure bertsoen itzultzaile aritu behar izan dugu.


Gure pilotariak, trinketera ohituta egon ez arren, azkar egokitu dira hormen berezitasunera eta partida bizia jokatu dute, ikusleen gozamenerako. Gehienek harriduraz ikusi dute esku hutsez egindako jokoa, pala edo paletarekin aritzera ohituta. Oro har, eta itzulpenak itzulpen, lehen bertsopilotak harrera ona izan duela esan dezakegu, jendeak hirian besterik izango den galdetzen baitzuen. Esaterako, bezperan ezagututako Euskalzaleak etxeko adiskideak gure lehen jarraitzaile bilakatu dira eta sorpresa polita eman digute partidura etorrita.


Dutxa azkar bat hartu eta zegokion moduan eman diogu buelta emanaldiko ahaleginari: asado batekin. Hemen lagunarteak haragi-erre usaina du.

 

Oihana Iguaran

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!