Bonboa eta kaxa ezagutu zituen, eta, geroztik, Juantxo Arakamak (Tolosa, 1989) ezin ditu hip-hoparen doinuak atzean utzi. Glaukoma taldeko abeslari moduan hasi zen 2010ean reggae eta rap musika estiloak lau haizeetara zabaltzen, eta egun Monsieur le Crepe izenarekin sortzen ditu errimak. Iazko urrian kaleratu zuen bere lehen diskoa: Venta Aundi, eta abesti berri bat kaleratu du iraileko igande bakoitzean. Guztira, elkarren zeharo diferenteak diren lau abestiko bilduma bat: Collage dominguero con movidas del viernes. DJ Patarekin eta Iker Pandorekin batera ekoitzi du, eta oraingoz ez du formatu fisikoan kaleratuko —«akaso aurrerago bai»—, baina Arakamak musika egiten segitzeko asmoa adierazi du, baita urtarriletik aurrera zuzeneko batzuk emateko asmoa ere. Bitartean, Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak antolaturiko '(Kontra)zirkuituak' jardunaldietako lehen mahai inguruan egongo da jaialdi handiei, makrofestibalei eta diru laguntzei buruz hizketan, beste hainbat artistarekin batera. Gaur egingo dute, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.
Astean behin abesti bat ateratzea aktualitateari erantzuteko modu bat izan da?
Ez dugu horregatik egin. Zoritxarrez, bigarren abestiak bete-betean kointziditu du aktualitatearekin, baina, izatez, orain dela hilabete batzuk sortutako abestia da. Ez genekien bat edo beste zein egunetan kaleratuko genuen, eta ez dugu plana horren arabera aldatu. Baina Ceutako aferak gutxi gorabehera Itsasontzi baten abestia atera genuen momentuarekin kointziditu du. Eta abesti horrek aktualitatea du, baina, zoritxarrez, atenporala ere bada. Atera zitekeen hemendik bi urtera edo orain dela bi urte, berdin-berdin.
Jarraitu irakurtzen Berria.eus webgunean.