Elkarrizketa

«Pelikula honek familia bakar bateko isiltasuna hautsiko balu, kristoren oparia jasoko nuke»

Erabiltzailearen aurpegia Odile Bourguignon Goñi

Izaskun Arandia zinemagilea, Donostian. Jon Urbe/ FOKU

36ko gerran eraildako birraitonaren istorioa ezagutzeko ondu du Izaskun Arandiak 'Irailak' dokumentala. Birraitonaren jaioterrira egiten du bidaia, Burgosera, eta bertan argitu ditu isiltasunak erantzun gabe utzi zituen zenbait galdera.

«Miguel maitea: ez neukan zu ezagutzeko gogo handirik». Papera eta boligrafoa hartu, eta Izaskun Arandia zinemagilea (Tolosa, 1972) bere birraitonari idazten hasi zitzaion. «Miguel maitea» dio, baina haserre idatzi zizkion lehen eskutitzak, ez zuen eta orain arte gauza onik entzun haren inguruan. 1935ean familia Tolosan utzita, bere jaioterri Burgosera abiatu zen Miguel birraitona. Baina Espainiako gerra hasi zen 1936ko uztailean, eta Miguel urte horretako irailean hil zuten; familiak ez zekien zergatik. Ez zekiten gorpua non zegoen, ezta nola erail zuten ere. 90 urteren ondoren, Arandiak Irailak filmean jaso ditu birraitonaren istorioa ezagutzeko bidean bizi izan dituenak. Bataren eta bestearen arteko aldea ehun urterena zen zehazki, eta, elkar ezagutu ez bazuten ere, azkenean dokumentalean egin dute bat, hain justu, memoria ariketa bat egin ondotik. BERRIAren babesa jaso du filmak, eta Zinemira sailean aurkeztu du zinemagileak. 

Ez zenuen zure birraitona ezagutzeko gogorik, eta egindako ikerketari esker maitatzera ere iritsi zara.

Zer gertatu zitzaion jakitea eta gizona bera deskubritzea oso prozesu luzea izan da, oso interesgarria eta nahiko basatia. Kontu batzuk sinestezinak egiten zitzaizkidan: nola izan daiteke zure familiako bat guardia zibila? Eta ikerketan deskubritu nuen baietz, hala izan zela —oso gaztetan: 1912an utzi zion izateari, 40 urte zituela—. Baina hori azaltzeko beste dokumental bat egin beharko litzake, ze bere txostena pasa ziguten eta harrigarria da. Gizon hori deskubritzeko bidean kasualitate asko gertatu dira, dokumentu asko bilatu genituen, eta jende askorekin hitz egin. Gainera, nire lehengusu txiki Cristianek egindako lana oso-oso baliagarri egin zait. Bera hasi zen ikerketarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!