Mintzapraktika egitasmoen sendotasuna ulertzeko aski argigarriak dira datuak: 80 udalerritan daude martxan, 500 talde daude eratuta, eta 4.000 pertsona inguru batzen dira horietan. Bidelagun rolean jarduten dute hainbatek; bidelari deiturikoan gainerakoek. Guztien helburua da euskaraz modu informalean jarduteko espazioak eratzea eta horietan murgiltzea. Kafe baten bueltako solasaldiak, mendi txangoak eta aisialdiarekin lotutako bestelako jarduerak izaten dira.
Astelehenean irekiko da berriz izena emateko epea, eta aurten online jarduteko aukera ere irekiko dute. Izen ematearen ostean egitasmoa oraindik ere sendoago nahi dutela azaldu dute Emma Arrizabalaga Hernandez Iruñerriko mintzapraktika egitasmoaren kudeatzaileak (2000, Iruñea) eta Maddi Dorronsoro Olamusu Taupa mugimenduko mintzapraktika jardueren koordinatzaileak (1995, Berrobi). Bien ikuskera da garrantzitsua; izan ere, tokian-tokian, euskara elkarteek eta udalek antolatzen dituzte mintzapraktikak, baina, euskara elkarte guztiak Taupak batzen dituenez, egitasmoaren ikuspegi osoa du mugimenduak.
Zein da praktika hauetan parte hartzen dutenen soslaia?
EMMA ARRIZABALAGA: Profil nagusia 45-55 urte arteko emakumezkoak dira; bigarren mailan 25-45 urte arteko emakumezkoak ditugu. Hala ere, parte hartzen dutenen profilak askotarikoak dira, eta horixe aldarrikatzen du, hain justu ere, mintzapraktikak: profil askotarikoak, talde askotarikoak, eta malgutasuna. Nahiz eta astean behin elkartzea den helburua, gero badira bestelako aukerak ere, eta, esaterako, zaletasunen inguruan eratzen diren taldeak: mendira joateko, bizikletaren inguruan elkartzeko, yoga egiteko... Profila askotarikoa eta irekia da.
Jarraitu irakurtzen Berria.eus webgunean.