Itzea Urkizu Arsuagak Xabier Mendiguren Elizegi ordezkatuko du Elkar argitaletxeko editore lanetan

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Lizarralde

Galtzaundik antolatutako Sormenetik egitasmoan Itzea Urkizu kazetariak Jon Maia sortzailea elkarrizketatu zuen. N.R.A.

Mendigurenek erretiroaren bidea hartuko du, eta dedikazio murritzagoa izango du hemendik aurrera. Urkizu Elkar taldeko beste argitaletxe batzuetan aritu da orain arte.

Xabier Mendiguren Elizegik (Beasain, Gipuzkoa, 1964) erretiroaren bidea hartuko du, eta, horrenbestez, Elkar argitaletxeko editore izateari utziko dio datozen hilabeteetan. Gaur bertan Morlans bere nobela berria aurkeztu du Mendiguren Elizegik Donostian, eta han eman du albistearen berri. Ondoan izan du aurrerantzean argitaletxeko editore lanetan ariko den lankidea: Itzea Urkizu Arsuaga (Orio, Gipuzkoa, 1988).

Julen Agirrezabalaga Elkar-eko ordezkariak azaldu du Mendigurenen erretiratzea ez dela berehalakoa izango, baina adierazi du haren dedikazioa murritzagoa izango dela hemendik aurrera, «behin betiko erretiroa hartu arte». Agirrezabalagak esker hitzak izan ditu Mendigurenentzat, eta haren ekarpena nabarmendu du. «Ekarpen handia egin dio argitaletxeari, baina baita euskal kulturari ere orokorrean».

Urkizu Elkar argitaletxean aritu da orain arte ere. Elkar-Hizkuntzak atalean hasi zen lanean, eta gerora Ttarttalo argitaletxearen editorea izan da. «Erronka handia jarri diogu aurrean, eta ilusioz eutsi dio horri. Eta aski prestatua dagoela erakutsi digu orain arte». Halaber, belaunaldi berri bateko kidea izanik, «aire berria» ekarriko duela gaineratu du Agirrezabalagak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!