Ehunmiliak proiektua «behin betiko desegin da»

Erabiltzailearen aurpegia Ramon Olasagasti 2026ko maiatzaren 27a

2025eko Ehunmilak lasterketako korrikalari eta boluntarioak Beotibarren. J. A.

Duela zortzi hilabete iragarri zuten aurtengo ekitaldia ez zela egingo, eta ordutik zorion mezu ugari jaso dituzte, baina antolakuntza batzordeak jakinarazi du ez dutela erreleborik aurkitu, eta, ondorioz, «proiektua erabat desegitea» erabaki dute.

Aurreko urteko urrian iragarri zuten antolatzaileek aurten ez zela Ehunmiliak lasterketarik izango. 2008an proba antolatzeari ekin ziotenetik «pilatutako nekea» izan zen etenaren arrazoi nagusietako bat: «Erabaki zail asko hartu behar izan ditugu, eta horrek zama handia sortu digu. Nekeak eta ordezko faltak eragin handia izan du taldean», azaldu zuten orduan. Gaur kaleratutako oharrean, berriz, jakinarazi dute zortzi hilabeteotan zorion mezu ugari jaso dituztela, baina ez direla gai izan «proiektuari aurre egiteko behar den erreleboa aurkitzeko». Horren ondorioz, azaldu dute «Ehunmiliak probaren antolakuntza batzordea eta, horrekin batera, proiektua bera behin betiko eta erabat desegingo» direla.

Diru kontuek ere izan zuten eragina iaz erabakia hartzeko orduan: «Diru sarrerek ez dute gastuen bilakaera bera eduki. Proiektuaren mailari eusteko, gastuek gora egin dute etengabe, eta ez dugu jakin diru sarrerak neurri berean egokitzen. Ondorioz, urtea galerarik gabe amaitzeko, ahalegin handiak eta lan gehigarriak egin behar izan ditugu». Egoera hori kontuan hartuta, «ezinezkotzat» jotzen zuten kalitatezko lasterketa bat antolatzea.

Aurreko urteko iragarpenean, eskerrak eman zizkieten urte hauetan guztietan lagundu dieten erakunde, babesle, korrikalari eta boluntarioei. «Haiek gabe hau guztia ez litzateke posible izango».

Jarraitu irakurtzen Berria.eus webgunean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!