Ikara, tentsioa eta ziurgabetasuna. Hitz horiekin deskribatu dute Persiar golkoan gatazkaren erdian dauden zenbait euskal herritarrek egun hauetan bizitzen ari direna. Izan ere, AEBek eta Israelek Iranen aurka abiatutako erasoaren eta Irango kontraerasoaren hondarrak ari dira iristen, esaterako, Qatarrera, Kuwaitera, Saudi Arabiara, Jordaniara eta Arabiar Emirerri Batuetara. AEBen base militarrak eta enbaxadak dira misilen jomuga, eta herrialde horietan dauden euskal herritarrak horren lekuko dira.
Imanol Arregi Kuwaiten bizi da, Tamara Dos Anjos, Jon Tolosa eta Ibon Arrieta, berriz, Dubain (Arabiar Emirerri Batuetan), eta Ainhize Ugarte, Bahraingo Erresuman. AEBen base militarrak eta enbaxadak daude herrialde horietan. Gertu dituzte misilen aurkako ezkutuak, eta horiek misilak nola geldiarazten dituzten entzuten dute egunero. Burrunba larunbatean hasi zen, eta orain giroa baretu den arren, aldiro entzuten dituzte alertak eta leherketak. Aire espazioa itxita dago. Urduritasuna da nagusi. Ziurgabetasuna da okerrena, haien esanetan. Denek dute gatazka baretuko den itxaropena.
Tamara Dos Anjos alegiarrak ia hamabi urte daramatza Dubain bizitzen. Emirates hegazkin konpainian lan egiten du. «Emirerrietako agintariek lasaitasun mezuak zabaldu dituzte hedabideetan. Ekonomia ministroak esan du gutxienez lau hilabeterako hornidura dutela, Irango misilak baliogabetzeko ahalmena dutela, eta telebistan erakusten dute nola suntsitzen dituzten», adierazi dio Dos Anjosek BERRIAri. «Sare sozialetan xekeen irudiak daude, hiriko merkataritza zentrorik handienean kafea hartzen ari direla».
Jarraitu irakurtzen Berria.eus webgunean.