Albisteari oihartzuna eta sendotasuna emateko ahalegina argia izan da; UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen zuzendaritza batzordea osatzen duten alkateek eta zinegotziek aurkeztu dute gaur Lurralde estrategia euskararentzat dokumentua, Hernanin egin duten ekitaldi batean. EH Bilduko eta EAJko udal ordezkariak batera azaldu dira, proposamenaren inguruan bat eginda. Talde independentetako hautetsiak ere badira mankomunitatean. Hizkuntza politiketan zuztarreko aldaketa bat abiarazteko asmoz landu dute: nahi dute hizkuntza politika «lurralde ikuspegitik» planifikatzeko estrategia baterako abiaburua izatea. Atzean duten komunitatearen sendotasuna aintzat hartu behar da: mankomunitateak 120 udalerri batzen ditu gaur egun, eta 350.000 biztanleko lurgunea ordezkatzen du.
Hernani ere UEMAko kidea da, eta Xabier Lertxundi alkateak egin die harrera agerraldian parte hartu duten ordezkari publikoei. Gaur aurkeztu duten proposamenaren «anbizioa» goraipatu du. Zuzendaritza batzordeko kide dira Ataungo alkate Martin Aramendi, Busturiko zinegotzi Maitane Zearreta, Leitzako alkate Dabid Anaut, Zarauzko zinegotzi Irune Urbieta, Hernaniko zinegotzi Axier Mingo, Markina-Xemeingo alkate Iratxe Lasa, Mallabiko alkate Igor Agirre, Asteasuko alkate Larraitz Alkorta, Aulestiko alkate Irati Urberuaga, Lesakako zinegotzi Eneko Fernandez eta Azpeitiko zinegotzi Aitor Larrañaga. Batasun irudia agerian utzi dute agerraldian bat eginda.
Jarraitu irakurtzen Berria.eus webgunean.