Anbulantzia medikalizatuetako langileen kezkak uxatu gabe, publiko bihurtu dira gaur Tolosako eta Elgoibarko zerbitzuak

Erabiltzailearen aurpegia Kristina Martin 2026ko urtarrilaren 7a

ELA sindikatuak subrogazio prozesuan «garden» jokatzeko eskatu zuen joan den abenduan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

ELA sindikatuak salatu duenez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 36 langileak subrogatuko dituela esan duen arren, langile horien etorkizunari buruzko zalantza handiak dituzte oraindik ere.

Eusko Jaurlaritzak gaur bereganatu du Elgoibarko eta Tolosako (Gipuzkoa) anbulantzia medikalizatuen zerbitzuen kudeaketa. Kontratatutako zerbitzua izan da orain arte, Gipuzkoako Anbulantziak enpresaren esku egon da azken urteetan, baina gaurtik aurrera Osakidetzak kudeatuko du zuzenean.

Nolanahi ere, zerbitzua ematen duten langileen egoeraren inguruan badaude argitu gabeko xehetasun batzuk. ELA sindikatuak salatu duenez, Osasun Sailak langileak subrogatuko dituela esan duen arren, proposamenean zehaztu gabe dago langileen kontratuak mugagabeak edo aldi baterakoak izango diren.

Sindikatu horrek salatu du prozesu horretan Osasun Sailak gardentasunik gabe aritu izana. ZIU unitate mugikor horien zerbitzua jadanik Osakidetzaren esku badago ere, sindikatuek ohartarazi dutenez, langileekin ez dute negoziatu. Guztira, 36 langileri eragiten die publifikazioak: medikuak, erizainak eta osasun garraioko teknikariak dira orain arte Gipuzkoako Anbulantziak enpresa pribatuan zerbitzu hori eman dutenak.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoa publikoa da anbulantzia medikalizatuen zerbitzu ia osoa. Tolosako, Elgoibarko eta Donostiako zerbitzuak ziren salbuespena. Osakidetzak gaur bereganatu ditu Tolosako eta Elgoibarkoak, eta, Osasun Sailak iragarri duenez, Donostiako kudeaketa ere udan bereganatzeko asmoa du.

Osasun Sailak esan zuenez, profesionalek Osakidetzako langileen lan baldintza berak izango dituzte, lanpostuak LEP baten bidez betetzen diren arte. Horrek zalantzak sortzen dizkiete langileei, batzuk kalean geratzeko arriskua ikusten baitute. «Ziurgabetasun» hori ikusita, «egoera berehala konpontzeko» eskatzeko elkarretaratzeak egin dituzte bart 23:00 eta 00:30 bitartean, Tolosa eta Elgoibarko baseetan.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!