Inauterietako pilotakadaren auzia

Xuhar Pazosen auzia berriz artxibatu du Tolosako Instrukzio Auzitegiak

Erabiltzailearen aurpegia Gurutze Izagirre Intxauspe 2025eko abenduaren 6a

Azaroan, deklaratzera joaterakoan, epaitegi aurrean egindako elkarretaratzea.

Akusazioak jakinarazi du helegitea jarriko duela, auzia iker dezatela eskatzeko.

Xuhar Pazos Villabonako gaztea foam jaurtigai batek larri zauritu zuen begian 2024ko inauterietan, eta auzitara jo zuen erantzukizuna nork duen argi zedila eskatzeko. Tolosako 1. Instrukzio Auzitegiak auzia ikertu gabe itxi zuen, eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegian helegitea jarri ostean, probintzia auzitegiak berriz ere auzia ireki eta gertatutakoa ikertzeko agindu zion instrukzio auzitegiari. Pazosi berari hartu zion deklarazioa, lehen instrukzioan ez bezala, hura zauritu eta 20 hilabetera. Pazos entzun baino ez du egin auzitegiak, eta berriz artxibatu du auzia, ertzainen txostena egin zutenak, udaltzainak edo lekukoak entzun ere egin gabe. Pazosen abokatuak helegitea jarriko duela iragarri du.

Auzia artxibatzeko zenbait argudio eman ditu instrukzio epaileak autoan. Besteak beste, azaldu du 2024ko inauterietan istilu batzuk gertatu zirela eta Ertzaintzak bere burua babesteko materiala egoki erabili zuela, eta foam jaurtigaiak Pazos errebotez jo zuela buruan. Baina, Aiert Larrarte abokatuak adierazi duenez, instrukzio epaileak geroago honako hau gehitu du autoan: taberna batean borroka bat gertatu zela, eta istiluak horren ondotik sortu zirela, ertzainak sartu zirenean.

Abokatuak gogoeta hau gehitu du: «Badakigu hau egia deserosoa dela. Baina benetan inork ezin zuen aurreikusi zer gerta zitekeen? Ezkutatu egingo dugu Euskal Herriko gazteek, eta gazte ez direnek ere, ertzainekin arazo bat dutela?». Taberna bateko borroka baten ondorioz ertzainak agertzean sortu ziren istiluei erreparatuta, zera gehitu du: «Istilu batzuk gertatu ziren, eta nori eskatu behar zaio arduraz jokatzeko? Festetan dabiltzan gazteei, edo armatuta doazen funtzionario publiko entrenatuei?».

Jarraitu irakurtzen Berria.eus webgunean. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!