Haurren jaiotza aldaketa sakon askoren motiboa izaten da familietan, eta orduan egiten diren hizkuntza hautuak aztertzeak berebiziko garrantzia du soziolinguistikan, jakin egin behar baita zer motibo eta zailtasun dituzten gurasoek hizkuntza hegemonikoen gainetik euskara lehenesteko. Aurrez eginak dira hainbat ekarpen bidean, eta beste bat egin du orain Soziolinguistika Klusterreko ikertzaile Olatz Altunak (Usurbil, 1971), EHUko irakasle eta gizarte antropologo Jaime Altunarekin (Villabona, 1973) eta Josu Ozaita ibartarrarekin lankidetzan, Bilboko Udalaren enkarguz. Hiriko bi barrutitan egin dute, Deustun eta Alde Zaharrean, ume txikiak dituzten guraso hainbati galdera eginez. Haiek eman dituzten erantzunetan hitz bat egin zaie nabarmengarria ikertzaileei: «Gaitza». Hain justu ere, zaila da eremu erdaldun horietan, eta Euskal Herriko beste askotan, euskaraz sozializatzea, eta umeak euskaraz haztea eta heztea. Hala ere, kaleko erabileraren neurketek erakusten dute txikienekin bederen euskaraz aritzeko joera. Horra, adibiderako, Bilbon zer gertatzen den. Euskararen kaleko erabilera orokorra ainguratuta dago urteotan: %3,5ekoa da. Baina argia da umeekin propio euskaraz egiteko ahalegina: «Erabilera handiena haurrak eta adinekoak elkartzen diren elkarrizketa mota horietan izaten da; azken datuetan ia %9ra iristen zen». Jaime Altunak eta Olatz Altunak hizpide izan dute ikerketa.
Jarraitu irakurtzen Berria.eus webgunean.