«Zirkua ez da barre egitea bakarrik, sentimenduak dantzan jartzea ere bada»

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Silva Rodrigo 2025eko abuztuaren 22a

Iker Galartza, Gure Zirkuko karparen aurrean. GURE ZIRKUA

Hau Pittu Hau konpartsak Gure Zirkuari eman dio aurtengo Euskara Saria. Zortzi urteko ibilbidean, «herrian» aritu da zirkua, Iker Galartzaren hitzetan. Esan du ikuskizun bakoitzean «magia» sortzen dela, eta «komunitate sentipen» ikaragarria.

Luxenburgo eta Frantzia arteko mugan zirkurako karpa bat erosi, eta 2017an abiatu zuten ibilbidea Gure Zirkukoek. Ordutik, hamaika herritako kaleak alaitu dituzte Gure Zirkua heldu da, Gure Zirkua herrian baita abestiarekin. Are, milagarren emanaldia egingo dute aurten. Orion (Gipuzkoa) daude orain, irailean Donezteben (Nafarroa) izango dira, eta horren ostean Iruñerrira joango dira. Ez dute gelditzeko asmorik. Iker Galartza (Amezketa, Gipuzkoa, 1977) Poxpolo pailazoaren eta Gure Zirkuko sortzaile eta zuzendariaren esanetan, zirkuak bizirik iraungo du. Orain arte bezala, ikuskizunak «gustuz eta maitasunez» prestatuko dituzte aurrerantzean ere, buru-belarri: «Bihotzetik egiten dena bihotzera iristen da». Urteotan egindako lana aitortzeko, Hau Pittu Hau konpartsak Euskara Saria eman dio aurten Gure Zirkuari.

Txikitako ametsa bizitzen ari zara, eta, aldi berean, Gure Zirkuak aitortza ugari jaso ditu orain arte. Zer-nolakoa da hori zuretzat?

Abentura ustel bat izango zela pentsa zezakeen norbaitek, baina guk esperantza handia genuen. Gure asmoak, behintzat, onak ziren. Zortzi urte pasatu diren honetan, esan dezakegu ez genbiltzala hain oker. Herri honek ondo hartu gaitu, eta hemen gaude, osasuntsu, eta gauza polit bat egiten.

Konpartsaren hitzetan, euskal kulturaren osagai batzuk konbinatuta, beste adar bat sortu duzue euskal kulturan: zirkua. Erraza izan al da Euskal Herrian tokia egitea?

Herri honetan badaukagu mania bat, eta ez dakit ona edo txarra den. Zerbait berria sortzen denean, alerta pizten da: ea zer egingo ote duten, esandakoa izango ote den, asmoak zeintzuk izango diren... edo hizkuntza bera. Guk, baina, lanean segitu genuen. Pentsa karparen koloreekin ere nola hasi ginen. Ez zituen ikurrinaren koloreak, baina bigarren eskuko merkatu batean horixe aurkitu genuen. Guretzat, inportantea zera zen, barruan zer egingo zen, eta ez karpak zer kolore zuen. Kolorea guk eman behar diogu. Ez zen erraza izan, dudarik gabe, baina bagenekien lanean segituz norabait iritsiko ginela.

Jarraitu Berria-n irakurtzen

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!