«Batzuetan pilotatik kanpo ikusi nuen neure burua»

Erabiltzailearen aurpegia Ekain Tolaretxipi Errazti 2025eko uztailaren 22a

Xabier Tolosa pilotari anoetarra. IÑIGO TERRADILLOS

Eskumuturreko lesio baten ondorioz zortzi hilabetez geldirik egon behar izan zuen Xabier Tolosak. Apirilaren 26an jokatu zuen berriro, eta «gozatzen» ari da.

Maila nagusian binakako azken hiru txapelketak jokatu ostean, aurrekoa jokatzeari uko egin behar izan zion Xabier Tolosak (Anoeta, Gipuzkoa, 1995). Eskumuturreko lesio baten ondorioz, zortzi hilabete egon zen zuriz jantzi gabe, harik eta apirilaren 26an berriro jokatu zuen arte, Villabonan (Gipuzkoa). Ostiralean ekin zion B Serieko Mastersari, lehen aldiz. Beñat Senarrekin bikotea osatuta, 22-12 irabazi zuten Egigurenen eta Morgaetxebarriaren aurka, Barakaldon (Bizkaia).

Uda partida askoko garaia izaten da pilotarientzat. Nola hartzen duzu?

Pilotariak udaren zain egoten gara beti. Sanferminetatik aurrera hasten da udako martxa, eta guztiok norgehiagoka mordoa izaten dugu hilabete horietan. Gogotsu nago.

Aurten B Serieko San Fermin torneoa jokatu duzu. Udan alde handia dago txapelketakoak diren partiden eta bestelakoen artean?

B Serieko txapelketa hauek berritzaileak dira. Enpresek lehenengoz antolatu dute horrela uda, baina gu ohituta gaude norgehiagoka guztietan bete-betean aritzera, eta, behin takoak eta galtza zuriak jantzita, inori ez zaio galtzea gustatzen.

Beñat Senarrekin jokatuko duzu B Serieko Mastersa. Nola ikusten duzu?

Polita da beste enpresako kide batekin txapelketa bat jokatzea. Orain arte ez nuen asko ezagutzen, profesionaletan hasi berria baita, baina jauzia egin duenetik ikusi da pilotari bikaina dela eta etorkizun oparoa izango duela. Ez dugu betarik izan elkarrekin saiorik egiteko, enpresa bakoitzak bere entrenamenduak programatzen baititu. Oso gustura jokatuko dut, eta ea lan ona egiteko aukera dugun.

Oraingoz, B Seriean antolatu diren lehiaketa guztiak jokatuko dituzu. Indarberritzeko eta berriro bete-betean aritzeko, norgehiagokak jokatzea baino hoberik ez da izango, ala?

Eskumuturreko lesioaren ondorioz, zortzi hilabete egon nintzen jokatu gabe. Hainbeste denbora jokatu gabe egonda, erritmoa galtzen duzu, eta bai goi mailako kirolean bai bizitzan, eskailerak banaka igotzen dira, eta dozenaka jaitsi. Denbora pixka bat beharko dut lehen bezala aritzeko, baina ziur naiz uda honetan jokatuko ditudan partidek lagundu egingo didatela horretan, eta itxaropentsu nago.

«Denbora beharko dut lehen bezala aritzeko, baina ziur naiz jokatuko ditudan partidek lagundu egingo didatela horretan»

Hasieran zer moduz hartu zenuen hainbeste denbora geldirik egon behar izatea?

Arazoa zera zen hasieran, ez genekiela zer nuen eskumuturrean. Horregatik luzatu zen osatze prozesua, eta, azkenean, Madrilen argitu zidaten zer nuen. Lesioaren nondik norakoak argitu zirenean, berehala egin zidaten ebakuntza. Gerora, osatze prozesua azkarra izan zen, azken ebakuntza egin eta lau hilabetera itzuli bainintzen kantxara, eta, lehenago jakin izan bagenu, epeak laburtu egingo ziratekeen, nire ustez.

Nola oroitzen dituzu itzultzean kideekin egindako lehen entrenamenduak?

Niretzat pozgarria izan zen berriro entrenatzen eta lehiatzen hastea. Batzuetan pilotatik kanpo ikusi nuen neure burua, eta, gainera, oso barneratua nuen hori. Konponbide egoki bat bilatu ostean, guztiari buelta eman, ohiko martxara itzuli, eta pilotaz gozatzen ari naiz berriro.

Jarraitu irakurtzen Berria.eus webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!