elkarrizketa

«Dena baldin bada arnasgunea, orduan ez da ezer»

Erabiltzailearen aurpegia Iratxe Muxika Karrion 2025eko ekainaren 26a

'Arnasguneak eta migrazioa: euskal hiztunen jarrera' ikerketa egiten ari da Dorronsoro Alemanian, Europako gutxiengo gaiak lantzen dituen unibertsitate batean. Arnasguneetako euskaldunek euskararekin duten harremana aztertzen ari da, bertzeak bertze.

Noiz bihurtzen da herri bat arnasgune? Utz diezaioke inoiz hala izateari? Arnasgunearen definizioa bera ez da oso zehatza Maddi Dorronsoro Olamusuren ustez (Berrobi, Gipuzkoa, 1995), eta Alemania iparraldeko Flensburg hirira joan zen orain urtebete, gaia handik jorratzeko asmoz. Ikerketa proiektu bat abiatu du han: Arnasguneak eta migrazioa: euskal hiztunen jarrera. Hizkuntza gutxituen gaineko nazioarteko biltzar batean da egunotan, Bogotan, eta bideo dei bidez erantzun die galderei. 

Zergatik joan zinen haraino? 

Espresuki joan nintzen proiektu hau egitera. Lan eskaintza bat atera zitzaidan, ikertzaile baten bila zebiltzan Europan gutxiengoen gaiekin lotutako ikerketa bat egiteko. 

Hutsetik hasi zinen lanean? 

Aurretik ere baneukan interesa arnasguneen afera horren denaren inguruan. Antropologia ikasi nuen, eta gradu amaierako lana Berrobiri [Gipuzkoa] buruz egin nuen, arnasgune gisa ulertuta, migrazioak eta hirigintzak arnasguneei nola eragin dieten ikusteko. Dena den, ez nion gaiari berriz heldu: bizitzak beste leku batzuetatik eraman ninduen, eta aparte geratu zen. Lan eskaintza horretara arnasguneen inguruko lantxo bat aurkeztu nuen, azalduz azkeneko urteetan zer aldaketa izan dituzten halako herriek. Kontratatu ninduten, eta ikerketa hori egiten ari naiz Alemanian. 

Ingelesez? 

Ingelesez aritzen naiz, baina euskaraz sortzen dut; beraz, balantza batean bizi naiz etengabe. Burua euskaraz doakit, baina gero azalpenak ingelesez eman behar ditut. 

Jarraitu irakurtzen Berria.eus-en

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!