Espainiako Auzitegi Nazionaletik atera berritan hartu dute Berria Haimar Altunak (Lizartza, Gipuzkoa, 1976) eta Oihana San Vicentek (Agurain, Araba, 1976). Nabari zaie hori. Auziak eragindako emozio zurrunbiloa baretuz badoa ere, oraindik sumatzen zaizkie urduritasun horren arrastoak. Ez da gutxiagorako: haien eta beste lau kideren kontrako espetxe eskaerak bederatzi urtera artekoak ziren. Egindako akordioa dela medio, baina, ez dute kartzela zapalduko.
Auzi saioa laburra izan da, baina prozesua osorik hartuta, luzea. Nola zaudete?
Oihana San Vicente: Atera berritan, mugituta. Gaur [atzo] prozesu luze bat itxi da, atxilotu gintuztenetik bost urte iraun duen prozesu bat. Arlo pertsonalean, ez da erraza izan. Arlo politikoan, berriz, Euskal Herrian urrats handiak egiten ari gara, eta hortik eusten diogu egoerari.
Fiskaltzak bost urte eta zazpi hilabeteko zigorrak eskatzen zituen zuentzat, eta akusazio partikularrek, bederatzi urtera artekoak, baina azkenean akordio bat erdietsi duzue. Nola izan da?
Haimar Altuna: Bagenekien epaiketa konplexu bat zela. Ez bakarrik espetxe eskaerengatik: fiskalaz gain beste hiru akusazio partikular ere [AVT, PP eta Dignidad y Justicia] bazirelako. Argi genuen, gure etorkizuna baino zerbait gehiago zegoen jokoan: saiakera argi bat izan da Euskal Herriak azken hamar-hamabost urteetan aurreratu duen hori guztia zalantzan jartzeko. Traba egiteko elkarbizitzarako eta konponbide oso baterako norabidean. Era berean, saiakera argi bat egon da beste aurrekari bat ezartzeko umiliazio delituari lotuta.
Jarraitu hemen irakurtzen.