Barazkiak plantxan kozinatzetik harago, mundu berri bat ezagutu zuen Miriam Ortiz Mugerza sukaldariak (Tolosa, 1975): makrobiotikarena. Plater azkarrak eta osasuntsuak prestatzen ditu orain, eta ikastaroak egiten ditu horiek nola kozinatu erakusteko; atzo egin zuen horietako bat, Ibarran.
Kontraerrana dirudi azkarra eta osasuntsua izateak.
Sukaldaritza azkarra ez da korrika eta presaka ibiltzea. Ni saiatzen naiz sukaldaritza osasuntsu bat gidatzen, denbora aldetik ez duena hainbesteko lanik eskatzen. Bertako produktuak erabiltzen ditut beti, elikagai bakoitzak behar duen egoste denborak-eta errespetatuz. Nahiago nuke jendeak bere bazkari propioak egiteko denbora hartuko balu.
Barazkiez ari zara?
Osasuntsu izateko bidea etxean hasten da, berdin dio zerealak izan, barazkiak izan edo proteinak izan. Nik, gehienetan, beganismoaren inguruan egiten dut lan, ez beganoa naizelako, baizik eta nire irakasle gehienak hala izan direlako. Jendea hurbilarazi nahi bada, haiek ikusten dutenak erakargarria izan behar du, eta sinplea. Nire helburua da erakustea era sinplean oso plater gozoak presta daitezkeela, eta elikagai osasuntsuak ez direla aspergarriak. Dena den, sukaldean ere jakin egin behar da egoten, dena ezin baita azkar egin. Gauza batzuk erraztu daitezke, bai, baina saia gaitezen egoten ikasten ere.
Jarraitu irakurtzen Berria.eus webgunean.