Instrumentuz betea dago Agirre musika tresnen lokala. Tailerra baino gehiago, ukuilua hitza erabiltzen du hura definitzeko Joxe Manuel Agirrek (Tolosa, Gipuzkoa, 1956), umorez. Sartu eta ezkerrera dauka erakusleihoa: bertan ditu danborrak, dultzainak eta koloretako panderoak, elkarren arrimuan. Haren eskuz sortuak dira, hasi eta buka; tailerra ere horiek konpontzeko tresnaz gainezka dago. Dultzaina jotzailea da, eta euskal musika tresnak konpontzen eta sortzen lan egiten du; horren aldeko apustua egin zuen. Ari da pixkanaka lan horiek uzten, erretiroa noiz hartu pentsatzen; penaz dio «eten bat» gertatuko dela lana uzten duenean.
Haurtzarotik izan duzu harremana musikarekin?
8 urte-edo nituela hasi nintzen solfeoa ikasten. Ez dakit etxetik bultzatuta-edo, zerbait ikasi behar zela-eta. Segidan, hemen [Tolosan], musika eskolan, txistua jotzen ikasi nuen. Txistulari gisa, 16 urte nituela, Tolosako Udalean, nire irakaslea zena, Migel Martinez de Lezea, jubilatu egin zen, eta banda desegin egin zen. Oposizioak atera zituzten, eta 16 urterekin postua atera nuen txistulari bezala.
Dultzaina jotzen geroago ikasi zenuen?
Dantzari hasi nintzen Udaberri dantza taldean, eta hor jendea behar zen instrumentuak jotzeko; txistulari sartu nintzen, albokarekin pixka bat saltseatu nuen, eta gero dultzaina hartu nuen. 16 urterekin hasi eta gaur arte aritu naiz dultzaina jotzen, batean eta bestean.
Nolatan hasi zinen instrumentuak konpontzen?
Musika tresnak konpontzen zituen inor ez zegoen, eta, pixkanaka, saltsan hasi nintzen. Beti gustatu izan zait piezak askatzea, lotzea... Boligrafo bat erosten zutenean ere, etxeko borroka izaten zen; nik behar nuen askatu eta lotu, eta tripak ikusi. Danbolinarekin hasi nintzen konponketak egiten; gero, dultzaineroentzat danborrak behar ziren, eta danbolin bat hartu eta dultzaina-danbor bihurtu nuen... Horrela hasi zen dena.
Noiz pentsatu zenuen tailer hau sortzea?
Soldaduska bukatu eta gero —hara behartuta eraman gintuzten—, lantoki batean hasi nintzen lanean; segitzen nuen dultzaina jotzen, eta greba batzuk izan genituen. Esan ziguten arrazoia genuela, baina denok kalera bidali gintuzten. Orduan hasi nintzen serioago hartzen konponketen kontua. Ordura arte ingurukoentzat egiten nituen konponketak, eta pixkanaka hasi nintzen instrumentuak egiten.
Erraz egin zenuen horren aldeko apustua?
Hasiera oso gogorra izan zen; esku artean ez nuen ezer. Hemen parean tailerrak zeuden, eta horrek asko lagundu zidan: bertan zeuden arotza, galdategia, eredugileak, errementariak... eta denak adin ingurukoak eta ezagunak nituen, lagunak ez esatearren. Haiek lagundu zidaten; uzten zidaten euren etxean bezalaxe sartzen, makineria hartzen... Orduan, etxe hau salgai jarri zuten; ikusi nuenean, esan nuen: 'Hau da nire tailerra'.
Eta hona etorri zineten bizitzera.
Bai. 28-29 bat urte nituen. Hona etorritakoan erabaki nuen buru-belarri sartzea. Apustu bat egin nuen; ikusten nuen hor bazela aukera bat. Eta momentua ere tokatu zitzaidan; Euskal Herrian ez zegoen besterik honetara bakarrik dedikatzen zenik.
Nola ikasi zenuen ofizioa?
Bazen beste danbolingile bat, Urretxun [Gipuzkoa], Iñaki Barrio Urtizberea, eta harekin ere oso harreman estua lortu nuen. Haiek era batera egiten zituzten moldeak, eta nik beste aldera. Hemengo lagunek ematen zizkidaten ideiek lagunduta, pixkanaka hasi nintzen moldeak egiten, pintatzen... denak etxean egiten genituen.
Erraz hartu zenion eskua?
Azkenean, atal asko ukitzen dituen ofizio bat da: egurra, burdina, sokak... Arazoak ere izan ditugu. Zenbait gauza desagertuz joan dira merkatutik: larru-ontzaileak, adibidez, geroz eta gutxiago daude; beraz, kalitatezko larrua lortzea oso zaila bihurtzen ari da. Egurrarekin ere zenbait arazo izaten dira, eta errementariak ere desagertzen ari dira. Zenbait pieza lortzeko zailtasunak daude... merkatua globalizatua da, baina zenbait gauza zailtzen ari dira.
Baina lortu duzu irautea, halere...
Azkenean, horretatik bizitzea lortu baduzu, gauzak ondo ere egin dituzun seinale da. Nik produktu naturalekin lan egiten dut gehienbat. Hori lortu nahi nuen nik instrumentuak egiteko garaian: jendeari ahal den materialik onena eskaintzea. Lortu dudan ala ez besteek esan beharko dute [barrez], baina, ahalegindu, beti horretan ahalegindu naiz.
Irakurri elkarrizketa guztia Berria.eus webgunean.