Unai Iribar: «Aurrez aurre begiratu nahi diegu ustez gu baino hobeak direnei»

Erabiltzailearen aurpegia Eñaut Agirrebengoa 2025ko ots. 13a, 12:48

Argazkia: Kern Pharma

Iazko Vueltan hiru etapa irabazi zituen Kern Pharmak, eta bide onean ari dela iruditzen zaio Iribarri. Kritiko agertu da berriki zenbait lasterketatan izan den segurtasun faltaren inguruan. «Pertsonak gara, eta ezbehar larriak izateko arriskua dugu».

Elkarrizketak arratsaldez egin nahi izaten dituzte txirrindulariek. Goizeko entrenamenduak sakratuak dira. Eguna, ordea, euritsu esnatu da, eta Unai Iribarrek (Ibarra, Gipuzkoa, 1999) ez du errepidera ateratzeko presarik. Arratsaldean Iruñera joatekoa da, eta entrenamendua han egitea erabaki du. Lehenago, aldaketa batzuk egin behar dizkiote bizikletan, lehen lasterketetan izandako arazo fisikoen harira.

Bi lasterketatan aritu zara dagoeneko, Saudi Arabian eta Valentzian. Nola sentitu zara?

Ez nahi bezain gustura. Gorputzaldi onarekin iritsi nintzen lehen lasterketetara. Saudi Arabian hasi nuen denboraldia, eta ez nindoan gaizki. Baina min apur bat sentitzen hasi nintzen maldan gora bukatu ziren etapetan. Aurrenekoa arraroa izan zen, neutralizazio bat izan baitzen, jaitsiera bat oso egoera txarrean zegoelako. Etapa horretan gaizki sentitzen hasi nintzen intentsitate handiko esfortzua egitean. Hurrengo eguneko etapan ere gauza bera gertatu zitzaidan, baita Valentziako itzulian ere. Tendinitisa dut eskuineko psoasean eta ezkerreko koadrizepsean, eta, horren eraginez, ezin izan diot neguko prestaketa onari etekina atera.

Saudi Arabian ez ezik, beste zenbait probatan ere txirrindulariek kolokan ikusi duzue zuen segurtasuna. Ondorioz, Mallorcako Challengeko lasterketa bat bertan behera gelditu zen, eta Bessegeseko itzulia uztea erabaki zuen Kern Pharmak. Batzuen ustez, ziklistak errazegi kikiltzen zarete gaur egun. Zuri zer iruditzen zaizu?

Mallorcan eta Bessegesen ez nintzen egon. Mallorcako probak ondo ezagutzen ditut, eta hasierako errepideak arriskutsuak iruditu izan zaizkit lehorrean, eta zer esanik ez aurten izan den giroarekin. Esan didatenez, arriskatu gabe ere lurrera erortzen ziren. Ez da normala lehen 30 kilometroetan 50 ziklista inguru erortzea. Bessegesen, berriz, auto bat kontrako noranzkoan azaldu zitzaion tropelari, eta eroriko bat eragin zuen. Eta Saudi Arabiako jaitsierari dagokionez, hartxintxarra zegoen alde guztietan, eta gu pasatzean harramazkak eta zauriak eragin zizkigun hanketan. Gindoazen abiaduran, gainera, gurpilen bat lehertu eta erorikoak izateko arrisku handia zegoen. Polemika handia piztu zen. Geroz eta bigunagoak omen gara ziklistak.

Eta zer erantzungo zenuke zuk?

Gu bizia arriskuan jarrita lehiatzen gara. Tamalez, erorikoen ondorioz bizpahiru txirrindulari hiltzen dira urtero lasterketetan. Guk ez dugu inongo babesik, kaskoaz harago, eta min handia hartzeko arriskua dugu. Ezbehar larrienez aparte, baliteke eroriko batek kolokan jartzea zure kirol ibilbidea. Arrisku faktore nagusietako bat tropeleko tentsioa da. Ondo kokatuta egotea geroz eta garrantzitsuagoa da, eta, ondorioz, gu bizkorrago joaten gara, eta eroriko gehiago izaten dira. Koktel arriskutsua ari da sortzen, eta horri segurtasun falta gehitzen badiozu… Errepideak ondo itxita ez egotea, adibidez, ezin da onartu. Landu beharreko gaia da zikliston segurtasuna, eta halakoetan planto egiten ez badugu, arriskua hor egongo da gero ere. Telebistan gauzak erraz ikusten dira, baina desberdina da bizikletan zoazenean. Pertsonak gara, eta ezbehar larriak izateko arriskua dugu.

Jarraitu irakurtzen Berria.eus-en

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!